Gasteiz

Albisteak

Azaroaren 25a. Indarkeria matxisten aurkako Nazioarteko Eguna


| 2020-11-25 14:11:00

Gure gizartea astindu duen krisi bortitzak agerian utzi du bizitza zaurgarria dela eta haren zaintza gure lehentasuna izan behar dela. Indarkeria matxista jasaten duten milaka emakumeek, gure artean denbora gehiegi daraman pandemia bat jasaten ari direnek, oso ondo dakite hori.

 

Indarkeria matxista egiturazko indarkeria mota bat da, esparru eta sektore guztietan agertzen dena, baita erakundeetan ere. Guztiz onartezina da, eta gure herrian ez dugu ez bakerik ez normalizaziorik izango, emakume izateagatik emakumeen aurka indarkeria erabiltzen eta erailtzen jarraitzen den bitartean. Gaur, erakunde publikoak garen aldetik, konpromiso zehatzak hartu behar ditugu, eta arazo sozial eta kolektibo horri erabateko lehentasuna eman behar diogu, aitzakiarik gabe.

 

Aurten mundua inoiz imajinatuko ez genukeen moduan aldatu da. COVID19aren pandemiak gogor astindu gaitu eta ondorio sozial larriak eragiten ari da. Baina COVID19a baino lehen ere krisian bizi ginen: bizi dugun errealitate gordinak agerian utzi du bizitzaren zaurgarritasuna eta bere zaintza lehenesteko beharra. Egiturazko desberdintasunek gora egin dute krisiarekin batera, baita genero-arrakala ere: emakumeak kaltetu handien artean daude, bereziki testuinguru zaurgarrietan bizi diren horiek, tartean, indarkeria matxista pairatzen dutenak.

 

Aditu feministek behin eta berriz esan dute konfinamenduak zaurgarritasun bereziko egoera sortzen zuela, baita arriskua ere, etxeak segurtasunik gabeko leku bihurtuz erasotzaileekin bizi behar zuten emakume eta seme-alaba guztientzat. Bitartean, erakundeek ez dute apenas informaziorik eman eta hartutako neurriak ez dira nahikoak izan.

 

Urtero bezala, eta feminismotik ongi ikasi dugunez, izendatzen ez dena, ez da existitzen. Horregatik, eta inork ez ditzan ahaztu, aurten Euskal Herrian hil dituzten emakumeak gogorarazi nahi ditugu:

· Paola Méndez Uranga eta Miren Uranga, Abanto-Zierbenan.

· Octavia Gómez Soraluzen.

· Eta emakume bat Angelu, zeinen izena ez da ezagutarazi.

 

Eta, urtero bezala, gogoratu nahi dugu indarkeria matxista desagerrarazteko argi dagoela ez dela nahikoa gaitzespen-adierazpenak eta elkarretaratzeak egitea; arrazoietara, sustraira jo behar dugu. Horregatik diogu ekintza horiek bakarrik egitea gure konpromiso sozialarekiko huts egitea dela. Jendarte-eredua aldatu behar dugu indarkeria matxistako adierazpen guztiak agerian jartzeko, arrazoiak aztertzeko eta horiek prebenitzeko eta desagerrarazteko ekintza zehatz eta eraginkorrak abian jartzeko, eguneroko bizitzan justifikatzen edo babesten dituzten instituzioak eta egiturak identifikatuz.

 

EH Bildun oso argi dugu indarkeria matxistari aurre egin ahal izateko ezinbestekoa dela berdintasun-politikei beharrezko giza baliabide eta baliabide tekniko eta ekonomikoak ematea, eta ildo horretan, uste dugu ikuspegi feministarekin lan egin behar dugula, egunero eta eremu guztietan. Krisiak ez du aitzakia izan behar arazo larri eta kolektibo honi aurre egiteko beharrezkoak diren aurrekontuen murrizketa edo izoztea justifikatzeko.

 

Eta argi dugu, era berean, zeregin hori mugimendu feministarekin elkarlanean egin behar dugula. Eta horregatik, mugimendu feministak antolatuko dituen mobilizazioetan parte har dezazuela eskatzen dizuegu guztioi.