Gasteiz

Albisteak

Armentia 2 gas-putzuaren lizentziaren tramitazioaren inguruko gobernuaren iruzurra salatu du EH Bilduk


Udal gobernuak lizentzia ukatzeko tramitazioa atzeratu du, SHESAri ia hilabete gehiago oparituz erantzuna presta dezan eta horrela, gainera, lizentziaren gaia aurrekontuen eztabaidatik atera du.

| 2021-01-18 10:53:00

EH Bilduk Armentia 2 gas-putzuaren esplorazio zundaketarako jarduera lizentzia eskatzearekin Udal Gobernuak izan duen jarrera salatu du. Urtaranek eta Oregik prentsaurreko bat eskaini zuten abenduaren 22an, non lizentzia eskaera ukatzea proposatzen zuen txostena aurkeztu zuten, Armentia 2ko zundaketa-jarduera sailkatuari buruzko txosten juridiko-urbanistikoak ondorioztatzen zuelako jarduera bateraezina zela indarrean dagoen hirigintza-plangintzarekin.


Hala ere, abenduaren 22an txosten hori jaso eta lizentzia ukatu izanaren iragarki publikoa egin zuten arren, Oregik ez zuen dekretua sinatu urtarrilaren 9ra arte. Gainera, urtarrilaren 13ra arte ez zitzaion SHESAri (lizentzia eskatu zuenari) eskaera bidali. Horrez gain, EH Bilduk jakin izan duenez, ostiralean oraindik SHESAk ez zeukala informea, ordurako jaso ez zuelako.


"Onartezina da gobernu honen jokabidea, oposizioa engainatzeaz gain, herritar guztiak engainatzen dituelako. Urtaranek ia hilabete bat gehiagoko epea eman dio SHESAri ezezkoari erantzuna prestatzeko, eta, horrela, aurrekontuen eztabaidaren erdian erantzuna ematea saihestu du, erantzun hori oztopo izan daitekeelako akordioak lortzeko", salatu du Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak.


Gainera, urtarrilaren 12an, Klimaren Aldeko Ekintza Batzordean, EH Bilduk lizentzia eskatzeko tramiteen inguruan galdetu zion gobernuari, eta zehazki, lizentziaren ukapena noiz bidali zen galdetu zitzaion. Baina gobernuak galdera horri ez zion erantzun, ez zuen esan lizentzia ukatu gabe zegoela oraindik.


Hau da, lizentzia-eskaera urriaren 13an iritsi zen udaletxera, eta urtarrilaren 13ra arte ez da eskaera ukatu. Hiru hilabete igaro dira. "Denboran hain luzea den jokabide honek irabazle argia du: EAJ. SHESAk abenduaren 22tik daki lizentzia ukatuko diotela. Lizentziaren eskatzailea ohi baino denbora gehiago izaten ari da erantzuna prestatzeko, jakinarazpena jaso zenetik denbora asko geratzen delako", adierazi du Villalbak eta, bide batez, gobernuari eskatu dio gardentasunez aritzeko behingoz.