Gasteiz

Albisteak

Aretxabaleta-Gardelegiko eta 19. sektoreko auzo berriko zirkulazio parasitoa debekatzea eskatu du EH Bilduk


Inguruko kale nagusiak, Asparrena eta Iruraiz-Gauna, egunero lasterbide gisa erabiltzen dituzte mota guztietako ehunka ibilgailuk hirira sartu eta bertatik irteteko.

| 2020-10-12 09:48:00

EH Bilduk hurrengo Mugikortasuneko eta Espazio Publikoko Batzordean Aratxabaleta-Gardelegi herrietan eta, oro har, 19. sektore berrian ematen den zirkulazio parasitoa debekatzeko eskatuko du; izan ere, gaur egun, 2.000 pertsona baino gehiago bizi dira bertan (etengabeko mugimenduan dagoen zifra), eta egunero ehunka ibilgailuk eragindako trafikoa pairatzen dute.


Arazoak, batez ere, Asparrena eta Iruraiz-Gauna kaleei eragiten die, 19. sektorea eta Aretxabaleta herria zeharkatzen dituzten bide nagusiak baitira. "Bi bideak ibilgailuen benetako bidezidor bihurtu dira, joan-etorriak laburtzeko, zirkulazioari dagokionez gatazkatsuagoak diren kaleetatik igarotzea saihesteko edo kale horiek inguratzeko. Horregatik, bide horietan neurriak hartzeko eskatzen dugu, han sortzen den trafiko parasitoa desagerrarazteko", adierazi du EH Bilduko zinegotzi Felix Gonzalezek.


Aipatutako bideak zerbitzuen eta bertako bizilagunen barne-trafikoari zerbitzua emateko prestatuta eta diseinatuta daude. Inola ere ezin dira ihesbide bihurtu zabortegitik datozen mota guztietako kamioi astunentzat, bidaiarientzako, autobusentzat eta ehunka ibilgailu pribaturentzat, egunero kale horiek A-2124 errepidetik Gasteizera sartzeko lasterbide gisa erabiltzen baitituzte. Arazo hori, neurri txikiagoan bada ere, hiritik irteteko ere ikus daiteke. Gainera, egoera hori are larriagoa da eremu hori zeharkatzen dutenen abiaduragatik.


Hori guztia dela eta, EH Bilduk Gobernu Taldeari eskatuko dio, MIEPPak ezartzen dituen planteamenduen arabera, eremu horretako trafikoa zerbitzuetara eta bizilagunei mugatzeko, superetxadien filosofiari jarraituz, eta trafikoa, oro har, prestatutako bideetatik zirkulatzeko.