Gasteiz

Albisteak

Aldaialde ikastetxea eraikitzeko udal gobernuak duen borondate politiko eza salatu du EH Bilduk


Trenbide Sarea Planifikatzeko eta Ebaluatzeko Zuzendaritza Nagusiak adierazi duenez, ez dute jaso Aldaialde zentroaren eraikuntza-proiektua, ezta Urtaranen eta Urkulluren gobernuena ere; hori dela eta, EH Bilduk biei eskatu die hori egiteko eta obrak baimentzeko eskaerarekin batera aurkezteko.

| 2020-09-10 12:07:00

EH Bilduk Garraio, Mugikortasun eta Hiri-agendako ministerioari Aldaialde HLHIren eraikuntza proiektua eta eraikitzeko obrak baimentzeko eskaera entregatzeko eskatu du. Joan den ostiralean, Iñaki Ruiz de Pinedo EH Bilduko diputatuak eta Felix Gonzalez Gasteizko EH Bilduko zinegotziak bilera bat izan zuten aipatutako ministerioko Trenbide Sarearen Plangintza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiarekin, eta, arduradunen adierazpenen ondoren, egiaztatu ahal izan zuten ez udalak ez Eusko Jaurlaritzak ez diotela helarazi ministerioari ikastetxearen eraikuntza-proiektua.

 

"Ministerioak jakinarazi zigunez, prest egongo lirateke ikastetxearen proiektua aztertzeko eta, haren ezaugarrien arabera, baimena egokia den ala ez erabakitzeko (edonola ere, Adifek eman beharko luke baimena). Horretarako, proiektua ezagutu behar dute. Eta gure harridurarako, ez dute ezagutzen inork pasatu ez duelako. Hau da, Urtaran eta Urkulluren gobernuek urtebete baino gehiago galdu dute Aldaialdeko eraikuntzan", adierazi du EH Bilduko zinegotzi Felix Gonzalezek.

 

Ezaguna den bezala, Aldaialde zentroaren eraikuntzak hainbat oztopo izan ditu jada hura kokatzeko aukeratutako lurzatian, bai lurzatiak hirigintza-plangintzan duen kokapenagatik, bai trenbide-zortasuneko zerrendan duen kokapenagatik eta hura garatzen duen eta indarrean jarraitzen duen informazio-azterlanagatik.

Lehenengo kasuan, Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko parlamentariak aipatu bezala “Gasteizko Udal goobernuak Aldaialdeko aferan, bai Eusko Jaurlaritzari bai Espainiako Sustapen Ministerioari egotzi diola atzerapenaren ardura, Udalak berak bere etxeko lanak egin ez dituenean”. Bigarren kasuan, trenbide-zortasuneko zerrenda hori egungo informazio-azterlana (iparraldetik) desagertzen denean bakarrik geratuko da libre. Hau da, azterketa berri bat egin arte, lehenengoa ez da bertan behera geratuko, eta, beraz, ezin izango da aurrera egin.

 

Hala ere, obren baimena arautzen duen trenbide-sektoreko 38/2015 Legearen 16. artikuluari heltzea proposatu du EH Bilduk:

 

"Hala ere, trenbide-azpiegituren administratzailearen aldez aurreko baimenarekin, jabari publikoko eremuan bakarrik egin ahal izango dira obrak edo instalazioak, trenbide-zerbitzua emateko beharrezkoak direnean edo interes orokorreko zerbitzu bat emateko beharrezkoa denean. Salbuespen gisa, eta behar bezala justifikatutako arrazoiengatik, jabari publikoko eremua, airekoa zein lurpekoa, interes pribatuko obra eta instalazioekin gurutzatzeko baimena eman ahal izango da".


EH Bilduk adierazi zuen aukera legala da, baina Eusko Jaurlaritzak eta udal gobernuak ez dute aurrera eraman. Hori dela eta, EH Bilduren legebiltzar eta udal taldeok Eusko Jaurlaritzari eta Udal Gobernuari eskatuko diegu berehala, denbora gehiago galdu gabe, Aldaialde ikastetxearen eraikuntza proiektua bidal dezatela garraio, mugikortasun eta hiri agendaren Ministeriora, beharrezko obrak baimentzeko eskaerarekin batera.