Elgoibar

Albisteak

Debate publikoa egiteko gonbidapena egin die EH Bilduk udalerriko indar politikoei

| 2019-05-09 16:19:00

 

 

Gauerdian abiatuko da udal hauteskundeetarako kanpaina. Bere proposamenak eta proiektuak herritarrei ezagutarazteko aukera izango dute indar politikoek kanpaina horren bitartez. Elgoibarko EH Bildutik uste dugu herritarrek aukera izan behar dutela alderdi bakoitzaren proposamenak ezagutzeko eta kontrastatzeko eta, horren baitan, botoa erabakitzeko. Oinarrizko eskubidea da,  udalerriko hauteskundeetara aurkezten diren indar politiko guztiek errespetatu beharrekoa.

 

Horregatik guztiagatik, debate publiko bat egiteko gonbidapena egin die EH Bilduk Elgoibarko udal hauteskundeetara aurkezten diren indar politiko guztiei. Debate horretan parte hartu beharko lukete hauteskundeetara aurkezten diren indar politikoetako ordezkariek eta, nola ez, hauteskunde kanpainaren barruan egin beharko litzateke.

 

Debatearen eguna, ordua, lekua eta eztabaidarako gaiak gainontzeko alderdi politikoekin adosteko prest dago EH Bildu. Hori inoiz ez litzateke traba izango EH Bildurentzat. Baina komenigarria ikusten du herriko erakunde edo elkarte independente batek hartzea debatearen antolakuntza, beti ere inpartzialtasuna bermatzen bada eta ekimenera ahalik eta herritar gehien joateko aukera ematen bada.

 

Zentzu horretan, idatzia bidali diegu hauteskundeetara aurkezten diren beste alderdi politikoei, gure proposamenaren berri emanez. Kontuan hartuko dutela sinetsita gaude, elgoibartar guztiei egingo zaien ekarpen garrantzitsu bat izango dela uste baitugu.