AKTUALITATEA


| 2022-02-25 09:29:00

Errebal Plaziako prozesu partehartzaileak eraikinaren erabilerarako oinarriak finkatu zituen duela urte asko. Zonalde soziokulturala erabilera anitzeko espazio bezala finkatu zen, herriko elkarte eta eragileek aberastuko zuten espazio bezala. Aspaldi dabil EH Bildu Errebalerako dinamizatzaile soziokulturala kontratatzearen beharraz ohartarazten. Badirudi PSEk ere begiak ireki zituela, baina oraindik ez du kontratatzeko prozesua martxan jarri. Aspaldi egon behar luke profesionala lanean, herriko elkarte eta eragile soziokulturalekin hartu eman zuzenean, eraikinaren erabilera eta programazioa aberasten. Gainera, EH Bildurentzat, dinamizatzaile horrek Coliseoaren programazio bere gain hartu beharko luke ere, bi eraikinen sinergiak aprobetxatu eta polo kultural indartsu bat sustatzeko.

Gainera, Errebaleko plaza estalian hainbat ikuskizun programatu ditu Udalak azken hilabete hauetan. Bertan lan egin duten teknikari, artista eta profesionalen kexak akustikaren inguruan izan dira. Ikusleen kexa berdina. Plazaren akustika oso eskasa da. Nola da posible hainbeste milioi xahutu ostean eta plaza estalia, besteak beste, kultur emanaldietara bideratuko zela jakinda, ganorazko akustika izatea kontutan ez hartzea?

Gauzak horrela, Errebaleko akustika lehenbailehen konpontzea eta Errebal eta Coliseo dinamizatzeaz arduratuko den dinamizatzailea behingoz kontratatzea eskatu dio EH Bilduk PSEri.