Eibar

Albisteak

EH Bilduk etxebizitza hutsen gaineko zerga bikoiztea proposatu du


Gaur egun, ohiko etxebizitza ez diren ondasun higiezinen kuotaren errekargua %50ekoa da. EH Bilduk errekargua %100era igotzea proposatu du, etxebizitza hutsak merkaturatzeko helburuarekin. Eibarren, urtarrileko datuen arabera, 1018 etxebizitza huts daude.

| 2020-09-10 11:48:00

2021eko tasa proposamenak aurkeztu berri ditugu eta Udal Gobernuaren tasak izoztearen proposamenaren aurrean, EH Bilduk etxebizitza hutsen gaineko zerga bikoiztea eskatu du. Alokairuaren prezioak bizi duen boomaren aurrean, etxebizitza gehiago merkaturatzea da gure proposamenaren asmoa.

Gainera, aurrera irtengo balitz, etxebizitza hutsen jabeen artean Bizigune programaren onurak azaltzeko kanpaina bat ere egitea planteatu dugu. Ba al dakite etxebizitza hutsen jabeek, etxea Bizigune programan alta emanez gero, ohiko zergan %50eko deskontua dutela? Informazio hau hedatzea beharrezkoa dela uste dugu.

Etxebizitza huts baten jabe izatea merkeegia da gaur egun Eibarren, ez dauka ez hanka ez bururik, etxebizitza berri gehiago eraikitzeko asmoen aurrean, 1018 etxebizitza hutsik egotea. Bestalde gainera, alokairu pribatuaren booma daukagu. Alokairuzko etxebizitzen prezioek, azken 5 urteetan, EAEn, %31 igo dira. Benetan eskandalagarria.

Espekulazio honen aurrean eta Eibarko udalak bere etxebizitza lanketa eta zerbitzu propioa martxan jartzen ez duen bitartean, Jaurlaritzaren Bizigune zerbitzua sustatzea da biderik eraginkorrena. Gaur egun, 82 etxebizitza besterik ez daude Bizigune zerbitzuan altan. Eta 1018 etxebizitza huts. Atera kontuak. Pentsa etxebizitza hutsen erdiak Bizigunen alta emango balute eibartarrengan honek izango zukeen onura ikaragarria.

Bukatzeko, Katalunian zorionekoak dira. Atzo, Parlamentuak alokairuaren prezioak mugatzeko legea onartu zuen. Espekulazio honekin bukatzeko bide ausartak beharrezkoak dira. Eusko Legebiltzarrean EH Bilduk proposatu zuen berdina, baina PNV eta PSEk atzera bota zuten lege proposamena. Legebiltzar berriaren osaketan askotan entzun izan dugu PSEko kideen ahotan, ezker politikak ziurtatzeko Gobernuan izan behar zutela. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua da!