AKTUALITATEA


| 2022-12-07 12:06:00

Krisi ekonomiko eta ekologiko sakonean murgildurik, hiriak dituen erronkei aurre egiteko donostiarrek soluzioak behar dituzte, eta horretarako aurrekontua da tresna garrantzitsuenetako bat.

EH Bildu, beti egin dugun bezala, prest dago Udal Gobernuarekin partekatzeko 2023. urteko udal aurrekontuen inguruko ekarpenak. Elkarrizketa prozesu baten bidez, hiriak dituen erronka handiei irtenbidea emateko adostasunak lortzeko deia egiten diegu EAJri eta PSEri. Krisi garai hauetan, hiriak tamaina bereko erantzunak behar ditu eta EH Bildu prest dago bere erantzukizuna bere gain hartzeko.

Izan ere, krisi eta ziurgabetasun garai hauetan, donostiar gehienek jasan ezin duten prezioen igoera horrekin, ezinbestekoa da urrats garrantzitsuak ematea guztion ongizatea bermatzeko politiketan. Norabide horretan aurrera egiteko, EH Bildu «Ongizate hitzarmena» proposatzen ari da.

Helburu horrekin, 2023ko aurrekontuek donostiarren lehentasunei erantzun behar diete: etxebizitzaren arazoari irtenbideak ematea, mugikortasun eredu berria, larrialdi klimatikoa eta sustapen ekonomiko orekatua.

  • Etxebizitza politika: Babestutako etxebizitzak eraikitzeko behar diren inbertsioez gain, Donostiak lidergo argi bat behar du alokairuaren prezioa mugatu behar dela exijitzeko, eremu guztietan. Donostiak ezin du gehiago itxaron. Etxebizitzen prezioen etengabeko garestitzeak gero eta donostiar gehiago kanporatu ditu euren auzoetatik, eta joera hau errotik mozteko neurriak hartu behar dira.

  • Politika sozialak: Udal Gobernuak baliabide gehiago erabili behar ditu inor atzean ez uzteko. Bada garaia azken urteotako politika kontinuistak alde batera uzteko eta jauzi kualitatibo bat egiteko, politika sozialak egungo errealitatera egokituz. Donostiak aurrerapauso bat eman behar du gure hiriko baldintza materialekin bat datozen zerbitzu publikoak izateko.

  • Mugikortasun eredua: Gure inguruko hiriek bezala, Donostiak aurrera egin behar du mugitzeko modu jasangarriak lehenetsiko dituen eredu berri baten norabidean. Alde horretatik, 2023an Mugi txartelaren deskontua bermatzeko, ezinbestekoa da aurrekontu-proiektuan Donostiako Udalari dagokion zenbatekoa erreserbatzea. Ez da ulertzen zergatik ez duten jada gorde. Jakin badakigu Eneko Goiak arazo ideologiko bat duela horrelako deskontuekin, batez ere errenta baxuenei eta emakumeei mesede egiten dietenak (dBus-en erabiltzaileen %70 emakumeak dira). Baina neurri horren eraginkortasuna ikusita, eta donostiarren gehiengo alde dagoela kontuan hartuta, EAJk eta PSEk polemika antzuak alde batera utzi eta Legebiltzarreko agindua bete behar dute.

  • Larrialdi klimatikoa: Donostiak klima aldaketak planteatzen dizkigun erronka handietarako prestatu behar du bere burua. Udalak energia berriztagarrien eta energia kontsumoa murriztearen aldeko apustua egin behar du. Baina trantsizio hori ez da edonola egin behar, energia ekoizpena eta kontsumoa demokratizatu egin behar dira, baita Donostian ere. Eta hiria inguratzen duen gerriko berdea babestu behar da, baita hiriguneko berdeguneak ere.

  • Hiri-garapenaren eredua: Donostian, urtez urte, turismoaren sektoreak espazioa irabazten die gainerako jarduera ekonomikoei. Turismoaren neurriz kanpoko hazkunde hori mugatu eta erregulatzeaz gain, beharrezkoa da gure ekonomia dibertsifikatzea etorkizun handiagoko eta lan-baldintza hobeko sektoreetan. Energia berriztagarriek, zaintza sektoreak, industria jasangarriak, berrikuntzak eta, oro har, herritarren oinarrizko beharrei erantzuten dieten sektore ekonomikoek izan behar dute hiriaren apustu berriak. Halaber, beharrezkoa da jarduera ekonomikoak geografikoki ere dibertsifikatzea, proiektu ekonomikoak auzoetara eramanez eta logela-auzoekin bukatuz. Horretarako, inbertsioak deszentralizatzea proposatuko dugu, auzoetan bizi nahi dugulako erdiguneko bizi-baldintza estandar berberekin.

Azkenik, aipamen bat egin nahi dugu udal aurrekontuak pilatzen ari den atzerapenaren inguruan. Krisi ekonomiko eta ekologiko garai hauetan, udal gobernuak lehenbailehen aurkeztu behar ditu aurrekontuak. Aitzakiak amaitu dira, bada garaia proiektua aurkezteko.