AKTUALITATEA


| 2022-05-18 12:54:00

Hiriak ezin du geldirik jarraitu era guztietako ostatu turistikoen oldearen aurrean. Joan den azaroan Udal Gobernuak beste baimenik emango ez zuen iragarri arren, gure hiria «saturatuta» dagoelako eta eskaintza zabaltzeko «interes publikorik» ikusten ez zuelako, errealitatea da EAJren eta PSEren jarrera bera dela, hau da, «laissez faire» politika aplikatzen jarraitzen dutela.

Eneko Goia alkatea denetik, mota guztietako alojamendu turistikoak ugaritu egin dira gure hirian. Udal Gobernuaren beraren zifren arabera (2021eko abenduko udal-batzordeetan EH Bilduren galdera baten aurrean emandakoak), 2016. urtetik 45 ostatu turistiko berri ireki dira Donostian, 2016. urtean genituen 7.652 plazetatik 11.272ra (+% 47) pasatuz.

Eta, aurreikuspenen arabera, Donostian lizentzia gehiago emango dira, eta beste hotel, pisu turistiko, apartamentu-turistiko eraikin eta abar gehiago irekiko dira. Astero proiektu, lizentzia edo irekiera berri bat ezagutzen dugu. Izan ere, Donostia da Estatuko hiririk errentagarriena hotel bat irekitzeko (+% 7 2019an, sektorearen azken datuen arabera). Hau da, gure hiria mezu argi bat ari da helarazten sektoreko operadore handien aurrean: «etorri Donostiara hotel berri bat irekitzera».

Alojamendu turistikoen oldeak zuzeneko lotura du etxebizitzaren prezioaren igoerarekin. Hasieran fenomeno hori Parte Zaharrean ikusi genuen, gero Erdialdean, ondoren Grosen eta orain Antiguan, Egian eta Amaran. Etxebizitzaren prezioak izugarri igo dira, eta auzo horietako bizilagun askok kanpora joan behar izan dute euren bizi proiektuak egiteko.

Testuinguru horretan, hitzaldi hau Antiguan egitea ez da hutsala. Auzo honetan bi hostel handi berri irekiko dira epe motzean, auzoan eragin handia izango dutenak. Arriolako hostel berriaz ari gara («Basquepackers Urban Hostel»), egunero 221 ohe eskainiko dituena eta uztailean irekiko dena. Eta laster irekiko da ere Room007 Premium Matia Hotel, egunero 302 plaza eskainiko dituena.

Jakina denez, Donostiako EH Bildun etxebizitzaren arazoari buruz hausnartzeko eta irtenbideak proposatzeko dinamika batean murgilduta gaude. Biharko hitzaldiaren ondoren, datorren igandean, Parte Zaharrean bisita-gidatu bat egingo dugu, auzoaren arazo zehatzak ezagutzeko. Beste aldetik, datorren asteazkenerako (18:30ean, San Jeronimo Kriptan), beste hitzaldi bat egingo dugu, funts-putreen presioari buruz, Joxe Abaurrerarekin (etxebizitza politikan aditua eta Iruñeko zinegotzi ohia), eta Berlineko esperientzia aztertuko dugu. Eta azkenik, dinamika horri amaiera emateko, ekitaldi politiko bat egingo dugu maiatzaren 29an, igandea, Garibai kalean, 12:00etan.