AKTUALITATEA


| 2020-02-21 13:18:00

Donostiak dituen 186.665 biztanleetatik %22k 65 urte baino gehiago ditu. Hori dela eta, urtero 4.000 donostiar baino gehiago mendekotasun sisteman sartzen ari dira eta, era berean, gero eta donostiar gehiagok dute zaintza premiaren bat.

Donostiako datu batzuk emateko, 2018an 2.352 lagunek jaso zuten etxez etxeko laguntza zerbitzua, 502 plaza eskatu ziren zahar-egoitzetan eta 198 eguneko zentroetan, eta 4.400 donostiarrek jaso zuten mendekotasunarekin lotutako prestazioren bat.

Horrek esan nahi du zaintzaren sektorea handituz doala urtetik urtera, eta gero eta profesional gehiagok egiten dutela lan bertan. Langile gehienak emakumeak dira eta behin eta berriz euren lan egoera prekarioa Donostiako kaleetan salatzen ari dira. Eta prekarietatea gehien pairatzen duten kolektiboetako bat etxeko langile migranteena da.

Horren guztiaren inguruan hausnartu eta eztabaidatuko dugu datorren asteartean, otsailaren 25ean, 18:30ean Okendo kultur etxean (Gros). Ezinbesteko funtzio soziala egin arren, profesional horiek erakundeen lehentasunetatik eta diskurtso ofizialetatik kanpo daude.

Hauek izango dira hizlariak:

  • Begoña Alonso. Zentro gerontologikoetako laguntzailea.

  • Pilar Larrañaga. Donostiako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko laguntzailea. LAB sindikatua.

  • Tatiana Bellorin eta Marling Castillo. SOS Arrazakeriako etxeko langileen taldeko bozeramailea.

  • Ana Sastre. Gipuzkoako egoitzetako laguntzailea eta Erresidentziak Borrokan elkarteko bozeramailea (ELA sindikatua)

  • Olaia Duarte. Gizarte langilea eta Donostiako EH Bilduko zinegotzia