AKTUALITATEA


| 2022-09-01 12:32:00

Uda amaitzeko oraindik egunak falta diren arren, dagoeneko egin daiteke Donostiako udal politikari dagokionez udak eman duenaren balorazioa.

Lehenik eta behin, egiaztatu behar dugu hilabete hauetan gertatutakoak baieztatzen duela hiri honetako gehiengo soziala zein EH Bildu aspalditik adierazten ari dena: egungo turismo eredua aldatu beharra dago.

Izan ere, Goiak bere alkatetzan ezarri duen eredu turistikoak herritarren artean arazoak sortzen jarraitzen du: Etxebizitzaren prezioa goraka jarraitzen du, mugikortasuna kaos bat da, masifikazioa biderkatu egin da eta klima-aldaketaren aurkako borrokan atzera pausuak ematen ari gara.

Alde batetik, mota guztietako alojamendu turistikoak irekitzen jarraitzen da. Eta horrek ondorio zuzena du: etxebizitzaren espekulazioa eta prezioen igoera, salmentan eta alokairuan. Adibidez, gaur egun Interneten Donostiako udal gobernuak onartutako kopurua baina ehunka pisu turistiko gehiago eskaintzen dira.

Alde horretatik, turista-kopurua izugarri igo da aurten: azken datuaren arabera, uztailean % 20 igo da, 2019koarekin alderatuta. Indarrean dagoen Turismo Zuzendaritza plana egin zenean, 2017an, Udal Gobernuak jadanik adierazi zuen urtean 1.250.000 gaualdiekin nahikoa zela eta Donostiak ez zuela gehiago hazi behar. Bada aurten 1.750.000 gaualdi inguru izango ditugu. Eta igotzen.

Mugikortasunari dagokionez, egunero auto-ilarak izan ditugu, plangintzaren kaosaren eta etengabeko aldaketen ondorioz. Eta gainera, ez dago inolako asmorik egoera aldatzeko, ez eta disuasio-aparkaleku berriak jartzeko eta are gutxiago zentroko lurpeko aparkalekuen funtzioa birplanteatzeko.

Eta mugikortasun ereduarekin eta eredu turistikoarekin lotuta, berriki ikusi dugu Marrutxipin 500 zuhaitz baino gehiago moztu direla. Beste atzera-pausu bat, erabat zaharkituta jaioko den errepide batean.

Testuinguru horretan, Goiak aste honetan bertan adierazi du gure hiriak, batez ere udan, jasaten duen masifikazioa ez dela gaualdien igoeraren ondorio, baizik eta egunean Donostiara etortzen diren “eskurtsionisten” ondorio (ohar txiki bat: horietako asko euskal herritarrak dira). Dirudienez, alkateak ahaztu egin du azken 5 urteetan gaualdiak %40 hazi direla, 2017-2021Turismo Planean jasotakoa hankaz gora jarriz («helburua EZ da hazten jarraitzea»).

Badirudi, Goiarentzat egun pasa gure lurraldetik etorritako herritarrak direla, batez ere, Donostiak bizi duen arazoaren oinarri nagusia. Adierazpen horien larritasunaren aurrean, Goiak duen arduratik eta erantzukizunetik, euskal herritarrei eta donostiarrei argibideak ematea dagokio.

Donostiarrak oso kezkatuta daude – gaude - eredu turistikoarekin, eta uste dugu Eneko Goia horretaz oso kontziente dela. Egungo politikak aldatzeko presio soziala oso handia da, baina Goia donostiarren nahi eta beharrekin deskonektatuta ikusten dugu; izan ere, adierazpen publikoek ez dute egunero bizi dugun egoera konponduko, irtenbidea eredua birplanteatzean eta udal politiken norabidea aldatzean datza.