Donostia

Albisteak

PNV-PSEk "Sorleku" proiektua geldiarazi dute, parte-hartze prozesu eredugarri eta hauteskunde-promesa gisa erabili ondoren


Markel Ormazabal eta Garbiñe Alkiza zinegotziek Idoia Moreno eta Larraitz Esnaolarekin batera agerraldia egin dute gaur “Sorleku” proiektua bertan behera geratu izana salatzeko. Gogoratu behar da proiektu hau EAJren eta PSEren partaidetza politikaren eredu gisa saldu zela, eta Eneko Goiaren hauteskunde kanpainaren konpromiso gisa ere saldu zela 2019ko udal hauteskundeetan. Hala ere, haur-parke berritzaile honen proiektua gauzatu gabe jarraitzen dute. Lehiaketaren irabazleen hitzartzea uzten dizuegu. hemen.

| 2021-02-08 12:15:00

Kaixo, egun on.
Gu, Idoia Moreno eta Larraitz Esnaola gara, Alubi elkarteko kideak. 2017.urtean MartxUp! programa irabazi genuen eta parte hartzean oinarritutako Bizi bizia berhezi proiektuari esker, kotxeras azpiko lursailean kokatuko zen eta "Sorleku" izena hartuko zuen, jolas eremu zabal bat diseinatu genuen. Besteak beste, Zurriola Ikastolako 300 haur inguruk eta intxaurrondo auzoko hainbat haurrek hartu zuten parte diseinu horretan. Haien beharrak identifikatzeaz gain, saio desberdinen bitartez, haien nahiak bildu genituen beraien ametsetako jolas eremuaren ingurukoen berri ematen ziguten bitartean.

Jolas eremu hori egitearen proiektua Donostiako udaletxean aurkeztu genuen 2019.urte hasieran eta udaletxeak hitza eman zuen proiektua bera aurrera
ateratzeko konpromisoa hartzen zuela, hau da, Sorleku jolas eremua egingo zela.

3 urte hauetan baina, lur eremu horretan ez da esandako ezer egin. Ez dugu jakin ze jarraipen egin zaion proiektuari. Itxaropena genuen, kotxeraseko obra bukatzerakoan Sorleku jolas eremua eraikitzeari helduko zitzaiola, izan ere, hori esan baitziguten Udaletxetik. Gainera, Donostiako alkateak, Eneko Goiak, 2019ko hauteskunde-kanpainan Sorleku jolas eremua eraikitzeko konpromisoa hartzen zuela jakiteak, gure itxaropenak indartu zituen.

Kotxeraseko obra bukaturik dagoen honetan, prentsa bidez jakin dugu jolas eremuaren eraikuntza alboratu egin dela ez dutelako partida ekonomikorik gorde 2021. urtean proiektua aurrera ateratzeko. Dirua al da arrazoia? Ez dugu ezer ulertzen.

Egia esan, ez zaigu iruditzen jolas eremu honek diru kopuru handirik eskatzen dionik udalari, ez dugu uste proiektua aurrera ateratzeko dirurik ez dagoela esatea onargarria denik.

Sorleku, pausuz pausu, hau da, fase desberdinetan sor daitekeen espazio bat dela uste dugu. Bertan dagoen lurra egokitzea da dagoen behar nagusiena. Zergatik ez eskuragarri jarri eta pixkanaka eraikitzen joan? Zergatik ez diguzue galdetzen zer egin dezakegun proiektua bera aurrera ateratzeko?

Azalpen bat merezi dugula uste dugu, bai guk, bai parte hartze prozesuan parte hartutako kide guztiek ere, hala nola, ume, guraso, hezitzaile, ikastola, auzokide, familia, edota herritar orok. Gainera, informazio guztia zeharka jaso dugu, eremuaren inguruko zuzeneko adierazpen ofizialik gabe, alegia. Zer dela eta?
Guk konfiantza dugu jolas eremua aurrera aterako dela eta horretarako lanean jarraitzeko prest gaude. Nekatu gara itxaroteaz egia esan. Ez dugu ulertzen zergatik ari den atzeratzen hainbeste proiektua. Erantzun errealak nahi ditugu, eta ez nahi bakarrik, erantzun errealak behar ditugu. Herritarrak zain daude. Behin eta berriz galdetzen digute ea nola doan Sorlekuren kontua.

Aurten, 2021.urtea, aipaturiko proiektua egikaritzeko eta jolaserako espazio publiko bizi hori inaguratzeko urte ederra dela sinesten dugu.
Gure proposamena beraz, proiektuari heltzea da, hitz egin eta adostasunak topatzeaz gain, Sorleku jolas eremua eraiki eta espazioa herritarroi zabaltzea.
Azpimarratu nahiko genuke, gu prest gaudela udaletxearekin biltzeko eta proiektua egikaritze aldera pausuak emateko.

Hirian beharra dago horrelako natur eremu bat herritarren eskura jartzeko, zer esanik ez gaur egun bizi dugun pandemia egoera honetan! Natura behar dugu, aire librea behar dugu eta garrantzitsuena: jolaserako espazio aske eta aberatsak behar ditugu.

Bizi dezagun bizia, merezi dugu eta! BIZI BIZIA BERHEZI.

Donostian, 2021eko otsailaren 8an

Mila esker.