Donostia

Albisteak

Plaken dinamikari eta Begoña Urrozen kasuari buruzko prentsa-oharra


| 2020-10-10 10:00:00

Prentsa-oharra

 

Giza Eskubideen Batzorde ez-iraunkorraren azken bileran, urriaren 1ean, udal-taldeoi jakinarazi zitzaigun Begoña Urrozen omenezko plaka bat jarriko zela gaur. Begoña Urroz DRIL-ek 1960ko ekainaren 27an Amarako tren-geltokian jarritako bonba baten ondorioz hil zen, 22 hilabete zituenean. Halaber, bilera berdinean, laster beste bi plaka jarriko dituztela jakinarazi ziguten, baina ez noren oroimenez.

Donostian antolatzen den mota honetako hirugarren ekitaldia da gaurkoa. Lehenengoa duela 19 hilabete egin zen, Jose Maria Araluce eta bere bizkartzainen omenez (ETAren biktimak), eta bigarrena Gregorio Ordoñezen omenez (zinegotzia eta ETAren biktima), duela 10 hilabete.

Gogoratuko denez, EH Bildu hasieratik oso kritikoa agertu da ekitaldi publiko hauetan burutu den prozesu guztiarekin.

Erabakiak hartzeko moduari dagokionez, gaur gaurkoz esan behar dugu Udal Gobernuak EH Bildu prozesu osotik kanpo utzi duela, funtsezko informazioa gurekin ez duela partekatu eta soilik hurrengo ekitaldiaren data eta pertsona ematera mugatu direla, beti ahoz eta arrazoiak azaldu gabe.

Hasieratik azpimarratu dugu ezinbestekoa zela biktima guztiak zaintzea, eta ziurtatzea ez zitzaiela lehendik dutena baino min handiagoa eragingo. Hala ere, Udal Gobernuak oraindik ez du azaldu ekitaldien hurrenkeraren eta erabakitako lehentasunen arrazoiak; ez du azaldu zergatik tratatzen diren biktima batzuk beste batzuk baino ohore handiagoz; zergatik baztertu diren biktima mota batzuk; zergatik jartzen da alertan, inolako beharrik gabe, familia asko ekitaldiak iragartzen, baina izenik eman gabe; etab.

Laburbilduz, dinamikarekin hasi eta urte eta erdira baino gehiagora, Udal Gobernuak ez du gure eskaera bat bera ere bete: EH Bildu – oposizioko alderdi nagusia – eta bere proposamenak baztertu dira, eta are larriagoa dena: biktima guztiekin ez da egin horrelako dinamika batek eskatzen duen lan diskretua, eta, era berean, ez dute ezer egin gaur egun biktima batzuek sentitzen duten tratu-ezberdintasuna gainditzeari begira. Dinamika honek, beraz, bizikidetza demokratikoaren eta kontakizun guztiak barnebilduko dituen memoria inklusiboaren eraikuntzari ez diola ekarpenik egiten uste dugu.

Indarkeria-mota guztien biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidearen errespetutik, EH Bilduk uste du, zintzoki, dinamika hau bere osotasunean berrikusi behar dela.

Begoña Urrozen gaurko ekimen zehatzari dagokionez, lehenik eta behin, bizi izandako tragediagatik EH Bilduk bere gertutasuna adierazi nahi dio familiari. Gure aitorpen eta borondate osoa erakutsi nahi diogu, izan ere, giza dramaz gain, egiletzari buruzko bertsio ofizial faltsu baten mende egon den kasu baten aurrean gaude, kontakizun politiko zehatz bat ezartzeko erabilia izan dena. “Kontakizunaren borroka" delakoan erabilitako beste kasu bat da hau. Kasu paradigmatikoa, ez egiarik ez justiziarik izan ez duena. Hala, familiari errespetua adierazteko asmoz, udal-taldeak parte hartuko du familiarekin udaletxean egingo den harreran, baina adierazitako arrazoiak direla medio, ez du parte hartuko ondoren egingo den paseotxoan eta plaka jartzeko ekitaldian.

Donostia 2020-10-10