Donostia

Albisteak

Pisu turistikoen segurtasun juridikorik eza nabarmena da


Eneko Goiak Auzitegi Gorenaren probidentziari buruz gaur egindako adierazpenen aurrean, EH Bilduk zera adierazi nahi du:

| 2021-02-09 16:11:00
  1. Lehenik eta behin, segurtasun juridikorik eza nabaria da. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak “erabat baliogabe” deklaratu du ordenantza, eta horren aurrean udal gobernua malabarismo legalak egiten ari da, ordenantza onartu ondoren legeztatu ziren ehunka etxebizitza itxi beharrik izan ez dezaten. Gogoratu behar da oraindik indarrean dagoen Plan Orokorrak erabilera horiek lehen solairuetarako mugatzen duela, eta ordenantza honen bidez, Udal Gobernuak eraikinetako beste solairu batzuetan kokatutako ehunka etxebizitza legeztatu nahi izan zituela, HAPOn xedatutakoaren aurka.

  2. Gainera, gaur jakin dugu Eneko Goiak aurreikusten zuela Auzitegi Gorenaren erabakia ez zela haren interesen aldekoa izango. Ez dugu ulertzen, beraz, irabazteko aukerarik ez zegoela uste bazuen, zergatik martxan jarri zuen Udalari 2.000 euro + BEZa (2.420 euro publiko) kostatu zaion bide juridiko hau.

  3. Pisu turistikoen lizentzia berriei dagokienez, dirudienez, Eneko Goiak prentsaren aurrean esan du azken 10 hilabeteetan ez direla lizentzia-eskaera berririk jaso. Hala ere, etxebizitza turistikoen erroldaren berri ematen duen udalaren webgunean, gutxienez, “tramitatzen” ari diren 16 eskaera agertzen dira.

  4. Donostiako etxebizitzaren arazoari dagokionez (honek kezkatzen du EH Bildu),esan behar da Goiaren agintaldian egon den pisu turistikoen hazkundeak zuzeneko lotura duela prezioek epe berean izan duten garestitze prozesuarekin. Ordenantzak, arazoa konpontzeko erabili beharrean, areagotu egin du. Azken urteotan, adibidez, Groseko populazioaren %7 galdu da, etxebizitzen prezioen gorakadaren eraginez.