Donostia

Albisteak

Norabidea zuzentzeko eta hiri-ereduaren krisia gainditzeko unea


Reyes Carrerek, EH Bilduko udal taldeko gainerako zinegotziekin batera, orain hasten den ikasturte politiko berriari buruzko adierazpena aurkeztu du gaur.

| 2021-01-13 12:44:00

Sarrera

2021. urtea ere oso urte gogorra izango da, bai ikuspegi sanitariotik, baita ekonomiko eta sozialetik ere.

Donostiako hiri-eredua krisi batean murgildua dago. Pandemiak gogor kolpatu du Donostiako eredu sozioekonomikoa, inguruko hirietan baino gehiago, eta lehenagotik zetozen desorekak eta joera desegokiak areagotu ditu. Langabezia, saltokien itxierak eta auzoen arteko desberdintasunak gero eta handiagoak dira, eta, aldi berean, hiriko bizitza garestitzen ari da, eta etxebizitza maximo historikoetara iritsi da.

Datozen aste eta hilabeteetan hiri bezala hartuko ditugun erabakiak funtsezkoak izango dira hiri-krisi honetatik atera ahal izateko, edo, aldiz, krisia areagotzeko. Alde horretatik, bada garaia azken urteotako apustu politiko okerrak zuzentzeko, eta gure hiriaren garapen sozial eta ekonomikoa hobetzeko bidean jartzeko. Ezer gertatu ez balitz bezala jokatzeak, eta porrot egin duen eredu baten alde egiten jarraitzeak, joera horiek areagotzea eta krisiaren irteera atzeratzea besterik ez du lortuko. Garaia da Donostia bide onean jartzeko.

Datuak

Egungo bidea ez delako batere egokia. Donostiako datu makroekomikoak benetan kezkagarriak dira. Pandemiak kalte handiak eragin ditu leku guztietan, baina okerrena da hemen datuak gure inguruko beste hirietan baino okerragoak direla.

Adibidez, Donostiako langabezia-tasa %22 hazi da 2020an; Gasteizen eta Bilbon, berriz, %17 eta %15, hurrenez hurren (1). Egia da oraindik langabezia-tasa txikiagoa dugula, baina egia da, halaber, pandemia baino lehen Donostian sortzen ari zen enpleguaren kalitatea oso kaskarra zela (10etik 9 lanpostu baino gehiago aldi baterakoak ziren) (2).

Bestalde, datu makroekonomiko txarrak pandemiaren aurretik datoz, egun indarrean dagoen hiri-ereduaren ondorio. Eredu horretan, turismoarekin lotutako sektoreen garapena lehenetsi da. Baina, esan bezala, gaur egun, sektore horietan ez dira kalitatezko lanpostuak sortzen.

Aldiz, askoz interesgarriagoak diren beste sektore ekonomiko batzuk bigarren mailan utzi dituzte: industriak pisua galtzen jarraitzen du eta dagoeneko %3,9n dago (eraikuntzaren sektoreak aurreratu dio lehendabizikoz); eta I+G+B sektoreak ere behera egin du 2018an, BPGren %2,4ra, 2017n baino 0,12 gutxiago (3). Eta hori guztia, esan bezala, pandemiak adierazle horietan guztietan izan duen eragina ikusteko zain gaudenean.

Pandemiarekin edo pandemiarik gabe, Donostiako etxebizitza garestitzeko prozesuak bere bidea jarraitzen du. Higiezinen sektoreko iturrien arabera, salerosketa %9 garestitu da 2020an, pandemiaren erdian (4). Eta Idealista atariaren arabera, beste errekor historiko batekin amaitu da 2020. urtea, Donostian alokairuaren prezioa 15 €/m²-ra iritsiz, Estatu mailako lehen postuan Madrilekin berdinduta (% 7 jaitsi da) eta Bartzelona lehen aldiz gaindituta (% 9 jaitsi da) (5). Horren ondorioa oso ezaguna da: donostiar asko, batez ere gazteak, auzoak uztera behartuta daude inguruko herrietara bizitzera joateko.

Udal Gobernua

Eta hiri-krisi honen aurrean: zer egiten ari da Eneko Goiaren Udal Gobernua? Pandemiaren aurreko politiketan azeleragailua zapaldu du. Hau da, Covid-19 iritsi aurretik hiri-krisi hau sortzen ari ziren politiketan sakontzea erabaki du. Eneko Goiak edo ez daki beste ezer egiten edo ez du ezer aldatu nahi. Eta norabide-aldaketarik ez bada, ondorioak benetan txarrak izango dira, datozen hilabete eta urteetan ikusiko dugun bezala.

Zentzu honetan, azken asteetako erabaki estrategiko okerren zerrenda amaigabea da:

  • Klima aldaketaren kontrako neurrien ezarpena eta mugikortasun-politikaren modernizatzea hipotekatu dituzte metro-pasanteko obra kaotikoa amaitu arte. Eta, gutxienez, 2024 arte amaituko ez denez, bi esparru hauetan legealdia galduta dago.

  • Milioika euro xahutzea, pandemiaren erdian, uharteko eskulturan.

  • Infernua hustu ondoren, dozenaka lagun kalean uztea, konponbiderik eman gabe.

  • Auzoak lotarako-eremu hutsak izatera kondenatzea, merkataritzarik, ostalaritzarik, industriarik... gabe.

  • Surf parke tematiko bat proiektatzea, ez hanka ez bururik ez duen hirigintza-egitasmo berri bat aurkeztuz.

Alternatiba

Hauek horrela, 2021. urtean, Donostiako EH Bilduk bere ahaleginak biderkatuko ditu herritarrari hiri-eredu berri bat eskaintzeko. Eneko Goiaren eredua gaindituko duen hiri-eredu bat, hain zuzen ere.

Eredu berriak, gure ustez, hiru helburu argi izan behar ditu:

  • Pertsonen eta auzoen arteko desoreka ekonomikoak eta sozialak murriztea.

  • Justizia sozialean oinarritutako politikak aurrera eramatea, inor atzean ez uzteko.

  • Trantsizio ekologikorako politika ausartak ezartzea, klima-aldaketari aurre eginez.

Eta helburu horiek lortzeko, uste dugu gobernantza-ereduaren aldaketa funtsezkoa dela. Goiaren alkatetza markatu duen estilo autokratiko eta opakoen aurrean, XXI. mendean ezinbestekoa da erabakiak hartzeko eredu berri bat ezartzea, herritarrekin batera egiten dena, Udal Gobernuaren ekintza bakoitzean inplikatutako eragile ekonomiko eta sozialekin partekatua. Herritarrak ahalduntzea, komunitatea sortzea eta garatzea, hiri-krisi honi, eta etorkizunean etor daitezkeen guztiei, aurre egiteko modurik onena da.

Oharrak

1 Lanbide 

2 Hiri Ekonomiaren Barometroa 

3 Hiri Ekonomiaren Barometroa

4 COAPI 

5 Idealista