Donostia

Albisteak

NEXT GENERATION: DONOSTIA OREKATZEKO TRAKZIOZKO PROIEKTUAK


| 2020-12-22 11:00:00

NEXT GENERATION

Europako Batasunak pandemiari aurre egiteko plan berezia onartu zuen 2020ko uztailean, eta, horren arabera, espainiar estatuak 140.000 milioi euro inguru jasoko ditu datozen urteetan, horien erdiak laguntza zuzenetan eta beste erdiak mailegutan. Laguntza zuzen horien artean daude Next Generation esan dieten funtsak, eta finantzaketa mekanismo berri horren oinarriak honakoak dira: trantsizio ekologikoa, trantsizio digitala eta inklusioa (Gizarte eta lurralde kohesioa).

Next Generation funtsek, EBko herrialdeek pandemia testuinguruan hasitako erreformak eta inbertsioak babesteko mekanismoa izan nahi dute, eta estatu kide bakoitza bere berreskuratze- eta erresilientzia-planak lantzen ari dira funtsak eskuratzeko. Espainiar estatuaren kasuan, funts horiek “España puede. Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia” delakoaren bidez bideratuko dira nagusiki, eta plan honek lau ardatz ditu: trantsizio ekologikoa; trantsizio digitala; genero berdintasuna eta gizarte eta lurralde kohesioa. Funtsak kudeatzeko hartu diren erabakietan, % 50 Autonomia Erkidegoei dagozkie eta beste erdia Estatuari, ministerioen bitartez. Banaketa edo eskaerak Autonomia Erkidegoetatik bideratuko dira, zuzenean ministerioekin, eta finantzaketa lerro honetan sartzeko joan den abuztuan Eusko Jaurlaritzak Hazkunde Iraunkorraren eta Enpleguaren Esparru Programa egin zuen. Lehendakari Iñigo Urkulluk jakinarazi du bere gobernuak abenduaren 29an plazaratuko duela Europako Next Generation funtsen finantzaketa lortu nahi duten proiektuen azken zerrenda. Aldundiek eta hainbat udalek ere, artean Donostiak, ezagutarazi dituzte beren proiektu hautagaiak, eta horien guztien artean zerrenda bat egin beharko du Lakuak, betiere Europako Batasunak ezarritako helburuekin bat datozenekin.

Esan bezala, Donostiako Udalak ere ezagutarazi zituen bere asmoak. Azaroaren 19an aurkeztu zuen “D/SS NEXT. Berreskuratze eta Erresilientzia Plan Nazionalaren eta Next Generation EU programaren aurrean egindako Ekintzen laburpena” dokumentua, eta bertan, Next Generation EU funtsetatik finantzaketa lortzeko 78 proiektu aurkeztu zizkion Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari. 1.036 milioi euroko balioa dute aipaturiko proiektuek. Aurkeztutako proiektuak bost arlotan sailkatu dituzte: Trantsizio teknologiko–digitala; Trantsizio energetikoa; Trantsizio ekologiko–ingurumenekoa; Mugikortasun jasangarria; eta Hiri azpiegiturak. Eta proiektuak aurkezteko unean Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hirian garatuko dituzten proiektuak ere kontuan hartu dira.

D/SS NEXT

Datozen urteetako inbertsioak baldintzatuko dituen prozesu baten aurrean gauden neurrian, muturreko egoera ekonomiko eta sozial baten aurrean gauden neurrian, eta herri nahiz hiri gisa erronka historikoen aurrean gauden neurrian, guztiz beharrezkoak dira funts hauekin abiatu behar diren proiektuen inguruko hausnarketa estrategiko bat eta prozesu garden bat, ahalik eta kontsentsu maila handiena lortze aldera. Hori da, hain zuzen ere, Europar Batasunak egin duen eskaria, garrantzitsuak diren alderdi interesdun guztiak barne hartuko dituen elkarrizketa politiko zabal bat abian jartzea, funtsen erabilera erabakitze aldera.

Baina Donostian ez da horrela izan. Dirudienez, “D/SS NEXT” dokumentuari nonbait ekarpenak egin dizkioten zenbait eragile publiko-pribatuk, baina udal taldeok eta gure hiriko eragile sozial gehienak prozesutik kanpo geratu dira.

Eztabaida hau EAJk eta PSEk osatutako udal-gobernutik eta aipatutako eragile publiko-pribatuetatik haratago joan behar dela uste dugu. Hori ez da posible izan orain arte. EAJk eta PSEk mespretxatu egin dute, sistematikoki, elkarrekin lan egiteko aukera. Hala ere, uste dugu horrelako erronka batek gainditzen dituela bai Udalaren esparrua bai Eneko Goiaren agintaldiaren iraupena. Hiriko erronka baten aurrean gaude, eta lehentasunak erakundeen, hiriko eragile sozial eta ekonomikoen eta, oro har, donostiarron artean erabaki behar ditugu.

PNV-PSOE tandemak Donostiarako aurkeztu dituen proiektuen oinarrian 2019/2023 Gobernu Programa aurkitzen da, argi eta garbi. Eneko Goiaren gobernua ezer gertatu ez balitz bezala ari da, COVID-19 birusak eragindako osasun krisiaren aurretik zituen asmoak inongo berrikuspenik gabe berrabiarazten tematuta, ohartu gabe (edo ahaztu nahian) politika horiek daudela hain zuzen pandemiak bizkortu eta sakondu dituen krisien oinarrian.

EH BILDUREN PROPOSAMENAK

Hurrengo hilabeteak zinez erabakigarriak izango dira. Alde anitzetara begiratuz kudeatu beharreko garaiak izango dira. Gaurko krisiaren ondorio sozioekonomikoak arintzeko premiazko neurriak hartu behar dira. Baina premia larriei aurre egiteaz gain, transformazio-bektore bat aktibatu behar da, sistemaren akats larriak zuzenduko dituena eta gaurtik hasita garapen eta gizarte-ongizateko eredu berri baten oinarriak eraikitzen hasiko dena.

Donostiako EH Bilduren iritziz, Next Generation EU funtsetatik finantzaketa lortzeko Donostiak aurkeztu dituen proiektuek norabide horretan eragin behar dute. Hiriko ekonomia berrantolatzea tokatzen da orain. Edo, hobeto esanda, ekonomia bizitzarako antolatzea. Eta horrela, era berean, hiria etorkizuneko erronken aurrean prestatzea. Oinarrizko beharrak asetzeko, gure eredu produktiboa eraldatu behar dugu ekologikoki jasangarriak eta sozialki baliagarriak diren produktu eta zerbitzuak sor ditzan. Sortutako aberastasuna zuzen banatzeko, banaketa politikak eta birbanaketa bultzatu behar ditugu. Bakoitzak bere ahalmenaren arabera, bakoitzari bere beharren arabera proposamen eraldatzailea oinarri izango duen eredu ekonomikoa behar dugu.

Iragana berreraikitzeak ez du etorkizunik. Izan ere, iragana berreraikitzea akats berberak berriro egitea eta ondorio berak pairatzea da. Horregatik, krisiari erantzuteko ahalegin hau baliatu behar da jarduera ekonomikoak birkokatu eta Donostiak merkatu globalen gorabeheren aurrean duen zaurgarritasuna gutxitzeko.

Donostiako ekonomia birtokiratu behar dugu, lurraldearen eta herritarren beharrekin lotu, eta horretarako beharrezkoa da orekak berreskuratzea. Hau da, ekonomia dibertsifikatu behar da, modu orekatuan, eta betiere eredu iraunkor baten baitan. Eta ekonomiarekin batera, edo ekonomiaren bidez, Donostiak oreka sozialak berreskuratu behar ditu.

Oreka berreskuratzea da, hain zuzen ere, aurkezten ditugun proposamenen helburua. Oreka garapen ereduan, ekonomian, ingurumenarekin harremanean, auzoen artean, eta batez ere, donostiarren artean.

Zentzu honetan, ondorengo proiektuetako bakoitzak, trakzio-proiektu edo proiektu eragilea izan nahi du etorkizunera begira hiria norabide egoki eta justuan kokatzeko. Norabide berri bati ekin beharrean gaude, baiki, eta norabide horrek balio zehatzen defentsa izan behar du oinarria: oreka, hurbiltasuna, publikoa eta ondasun komuna.

DONOSTIA OREKATZEKO TRAKZIOZKO PROIEKTUAK

1. Auzo erresilienteak, sozialki eta ekonomikoki

Erresilientzia soziala eta ekonomikoa, Europako Batzordeak aurkeztutako Prospektiba Estrategikoari buruzko bere lehen txostenaren arabera, “krisi ekonomikoei aurre egiteko eta epe luzera egiturazko aldaketa bidezkoa eta inklusiboa lortzeko gaitasunari dagokio”.

Pandemiak areagotu eta bizkortutako krisi ekonomikoak agerian utzi du (berriro ere) Donostiako auzoen gaitasun ezberdina halako shock egoera baten aurrean. Biztanleariaren ezaugarri sozioekonomikoak, merkataritza-egiturak, zerbitzu publikoen gertutasunak eta eskuragarritasunak... auzo horretako erresilientzia mailan eragin esanguratsua dutela erakusten dute.

Proiektu honek Donostiako auzoen analisi sakona egingo du, ondoren, auzoko erresilientzia-mailan eragiten duten faktore ezberdinak identifikatu eta zehazteko, eta horien araberako neurriak eta politikak garatzeko. Hala nola,

Auzo bakoitzean ardatz komertzialak zehaztea eta indartzea hainbat arlotan neurriak hartuta (hirigintza, mugikortasuna, obrak...)

Salmenta zuzena eta kontsumo taldeak sustatzea, auzoz auzo tokiko produktuekin eta eskaintzarekin sortutako azokak sortuz, edo kontsumo taldeen kudeaketa erraztuz, besteak beste, saskien banaketa egiteko tokiak eskainiz.

2 Donostiako zaintza-sistema berrirantz

Gure zaintza sistema indartzeko garaia dela uste dugu, ez bakarrik pandemia garaian sortu diren beharrei aurre egiteko, baizik eta aurrera begira zaintza sistema sendo bat eraikitzeko, datozen urteei begira hiri bezala ditugun erronkei aurre egiteko.

Gainera, ezin dugu ahaztu zaintzaren sektoreak lanpostu asko sortzen dituela, eta orain arte oso lan prekarioa sortzen ari bazen ere, hiriaren apustua, sektore honetan ere, lan duina sortzea izan behar da.

Zentzu honetan, Etxez etxeko laguntza udal zerbitzua familien kontziliaziorako ere erabiltzea da funtsezkoa. Pandemia honetan azaleratu diren arazo sozialen artean, lan-bizitza eta familia bateragarri egitea nabarmendu behar dugu. Administrazioak eta, kasu honetan, Donostiako Udalak kontziliazioan laguntzeko tresnak eskaini behar ditu eta, horregatik, etxez etxeko zerbitzuaren funtzioa egokitzea proposatzen dugu.

Mendekotasuna duten pertsonen zaintzarako, lan-ildo hauek aktibatzea poposatzen dugu:

Mendekotasuna duten pertsonen etxeetako irisgarritasuna hobetzea. Esku-hartze oso garestiak izaten dira, eta finantzatu behar izaten dira. Gainera, neurri hau eraikuntza sektoreko hiriko gremioen artean lanpostuak sortzeko baliatu daiteke.

Etxeko langileen sarea sortzea hirugarren sektoreko kolektiboekin batera (langileak emakume migrante eta prekarioak izaten dira). Helburua bikoitza izango litzateke, alde batetik, langileak babesteko eta, bestetik, zaintzaileen demanda asetzeko “lan poltsa” bat sortzeko.

3 Energia merkaturatzeko udal enpresa

Tokiko zerbitzuak garatzeko, herritarren artean kontsumo txikiagoko kultura energetikoa sustatzeko eta jatorri berriztagarria duen elektrizitatea eskaintzeko.

Merkatu elektriko handizkarien aurrean, udal merkaturatzaile propioa. Udalari berari eta bere mendeko azpiegitura eta zerbitzu guztiei zein donostiarrei (bereziki pobrezia energetikoan bizi diren herritarrei) % 100 energia berriztagarria eskaintzeko, zerbitzu publiko baten bermearen aterpean eta ohiko logika eta jarraibide merkantilistatik libre.

4 Energia Berriztagarrien Lanbide Eskola

Dagoeneko garatzen ari den sektore ekonomiko berri honek teknikari kualifikatuak eskatuko ditu, eguzkiaren energiaren panelak diseinatzeko eta jartzeko, energiaren erabilera efizientea ziurtatzeko eta abar.

Egitasmo hau Altzako Eraikuntza institutuan kokatzea proposatzen dugu. Horrelako azpiegitura bat hemen kokatzea oso interesgarria izan daiteke, bertakoei kalitatezko hezkuntza emateaz gain, Donostia eta Gipuzkoako beste eremu batzuetatik jendea erakarriko lukeelako.

Lanbide eskolarekin batera (edo bertan), Trantsizio Energetikorako Udal Bulegoa. Zerbitzu honek, lanbide eskolatik eratorritako ezagutza eta baliabideak (kapital humanoa) modu eraginkorrean bideratzeko balioko du. Hau da, tokiko ezagutza eta prestakuntza, tokiko beharrak asetzera bideratuko du, ekonomia zirkularra eraginez. Trantsizio Energetikorako Udal Bulegoak hiru helburu nagusi izango ditu:

Eraikin publikoetan (udal eraikin eta instalazioetan) energia kontsumo eraginkorra bermatzeko baliabideak diseinatu, sortu eta ezartzea.

Herritarrentzako aholkularitza, etxeetan, enpresetan edo bestelako eraikinetan energia eta ur kontsumoa murrizten laguntzeko.

Donostian bertan energia berriztagarria sortzeko, energia berriztagarrien sorkuntza proiektuak sustatu eta garatzea, horretarako bideragarriak diren espazio publikoetan. Esaterako, udal eraikinetan (eskolak eta kiroldegiak barne) geotermia-sistemak eta panel fotovoltaikoak eta termikoak ezarriz.

Era berean, Unibertsitate Publikoa La Herreran kokatzea proposatzen dugu, itsasoaren energia berriztagarriaren teknologietan aitzindaria izango dena.

5  Donostiako etxebizitza parke publikoa

Etxebizitza babestuak eraikitzeko lurrak erosteko urte-anitzeko programa sortzea proposatzen dugu. Horrek berebiziko garrantzia du Euskal Herriko etxebizitzarik garestienak dituen hiri honetan. Izan ere, pandemia garaian ere, etxebizitzak garestitzen jarraitu du (% 10 2020an), eta herritarrak, batez ere gazteak, euren auzoetatik kanporatzeko prozesuak gora egiten jarraitzen du.

Babestutako alokairuzko etxebizitzak eraiki ahal izateko, Udalak bere parke publikoa osatzen joan behar du urtez urte. Urte askotan egindako esfortzuari esker, egun 2000 bat etxebizitza kudeatzen ditu Donostiako Udalak, alokairuzko etxebizitzak eta gazte eta adineko pertsonentzako apartamentu dotazionalak kontuan hartuak. Baina kopuru hau ez da nahikoa, bistan denez.

6 Anoeta Kirol Hiria

Kirola da, zalantzarik gabe, Gipuzkoan eta Donostian bertan pertsona gehien mugiarazten duen jardunetako bat. Kirola da osasuntsu jarraitu nahi duen edozein pertsonaren zutabe nagusietako bat. Baina alderdi ekonomikoa ere kontuan hartu behar da: kirola jardun ekonomikoa ere bada, eragina du beste alor batzuetan ere, eta aberastasuna eta lanpostuak sortzen ditu.

Donostiak du Euskal Herriko kirol azpiegitura gune handiena. Baina, mota guztietako kirol azpiegiturak barne biltzen dituen arren, gaur egun Anoetak ez die behar bezala erantzuten XXI. mendeko kirolaren beharrei.

Donostiako EH Bilduk Anoetak gaur egun eskaintzen dituen aukerei ahalik eta probetxurik handiena atera nahi die. Eta horrek formula jakin bat du: kirol hiri proiektu bat, Donostia Kirol Hiria, non gaur egungo azpiegituretatik abiatuta, berrikuntzak eginda eta ikuspegi integral bat landuko duen egitura batez, herritarren eta Gipuzkoako federazioen eta kirol elkarteen beharrei erantzungo zaien eta Euskal Herriko kirol gune erreferentziala sortuko den.

Benetako kirol hiri bat, kirolari profesionalei ez ezik, ariketa fisikoa egin nahi duen herritar orori ere bideratua. Eta eliteko kirolari edo kirolak eskaini dezakeen ikuskizun alderdiari leku egingo diena.

7 Etxez etxeko banaketarako zerbitzu publikoa

Pandemia testuinguru honetan etxez etxeko zerbitzuaren eskaria areagotu egin da, eta honek ezinbestekoa egiten du Donostiako Sustapenak Txita enpresarekin lankidetzan dagoeneko martxan duen egitasmoa edo lan-ildoa bezalakoak indartzea eta zabaltzea. Batez ere, zerbitzu zehatz honek gaur egun dituen mugapenak gainditze aldera; izan ere, zerbitzuak ez ditu edo ezin ditu “produktu izoztu eta beroak” banatu. Gertutasunean, jasangarritasunean eta ostalaritza nahiz merkataritzako negozio txikiei laguntzean oinarritzen den lankidetza publiko pribatu honek jarraibide interesgarria eskaintzen duela uste dugu. Aitzitik, esponentzialki hazten ari den eskariaren aurrean, egitasmoa labur geratuko dela aurreikusi daiteke.

Hori dela eta, eskari eta behar errealari erantzuteko egokitu behar da zerbitzua. Gaur egun martxan dagoena indartu behar da, eta aldi berean, auzo-eskalak edo Ekialdeko Barrutia bezalako eskala agregatu txikiek eskaintzen dituzten aukerak eta erraztasunak baliatu behar dira. Hau da, kudeaketa publikoko zerbitzua, Donostia mailan ez ezik, auzoka antolatuko da.

Era berean, Donostia mailan nahiz auzo bakoitzean banaketarako plataforma logistikoak sortuko dituen proiektua izango da. Hauek ere kudeaketa publikokoak

8 Donostian, elikadura jasangarria eta ekologikoa

Tokiko jantoki ekologikoak: jantoki publikoetan sukaldeak jarri eta tokiko ekoizpena kontsumitzeko proiektua.

Kudeaketa publikoko banaketa zerbitzua: tokiko produktuak janari-dendatan, jantoki publikoetan, tabernetan eta jatetxeetan saltzea ahalbidetzeko proiektua

9 Kooperatiba Haztegia Ekialdean

Ekintzailetza sozial kooperatiboa sustatzeko bulegoa, Donostia Sustapena sozietatearen bidez. Proiektu honen helburua tokiko ekosistema kooperatiboak eta kolektiboak sustatzea eta indartzea da. Horregatik proposatzen dugu zerbitzua Donostia ekialdeko auzoetan kokatzea; ezaugarri sozioekonomiko apartekoak dituen eremuan, alegia.

Ekintzailetza sozial kooperatiboa, tokiko komunitateko (auzoa, herria, eskualdea...) beharretatik abiatu eta komunitatean saretzen den ekintzailetza-eredua da. Hala bada, bulego edo zerbitzu honen jarduna bi gako nagusitan oinarrituko da: batetik, kooperatibagintza eta honek berekin dakartzan balioak (gizarte eraldaketarako bokazioa, interkooperazioa eta lankidetza, izaera kolektiboa, parte-hartzea, etab.); eta, bestetik, garapen komunitarioa. Horrela, lurraldean sustraitutako ekonomia sustatzen da (tokiko beharretatik), harreman-sare erresiliente eta jasangarriak sortuta.

Ate joka ditugun erronkei aurre egiteko modu onena, herritar eta komunitate formatuak izatea da. Horregatik, proiektuaren egiteko behinena, komunitatean gertatzen diren harreman eta dinamika ekonomiko eta sozialak ulertu eta eskura dauden aukera eta tresnekin lan egingo duten herritarrak formatzea izango da.

Aldi berean, esparru publiko-komunitario-kooperatiboa eratzeko eta garatzeko bitartekoa ere izango da. Izan ere, gure bizitzak erdigunean jarriko dituen tokiko garapen estrategia eraldatzaileak martxan jartzeko, beharrezkoa da sare kooperatiboaren, komunitarioaren eta publikoaren arteko harremanaren lanketa sakon bat egitea.

10 Hizkuntza Aniztasunaren Gunea

Euskalgintzan eta kultur aniztasunaren esparruan lanean ari diren eragileekin batera garatzeko proiektua.

Topagune bat, materiala jaso eta konpartitzeko, ikastaroak emateko, hizkuntza gutxituen artean aliantzak sortzeko…

Topagune bat, bizi esperientzien trukea sustatuko duena, migrazio prozesuarena, migratzailearena, jasolearena, bertakoena; kultur adierazpideak partekatzea erraztuko duena, kultur komunitateen artean elkarren arteko ezagutza handitzeko eta horiekin gozatzeko; ikerketa aplikatua landuko duena, lortzeko kulturaren transmisio eragingarria belaunaldi berrien artean; eta aniztasunaren inklusioa oinarri izango duena, ezagutzatik errespetura eta estimura iristeko.

11 Estalitako gune publikoak auzo guztietan

Donostiarrek, eta bereziki haur eta gazteek, estalitako gune publikoak behar dituzte beren auzoetan. Estalitako guneak kontsumo gabeko aisialdi eredu bat eta jarduera sozial eta komunitarioak sustatzeko modu bat dira.

Donostiako herri eta auzo guzietan, gutxienez, estalitako gune publiko bana izatea bermatuko du proiektu honek.

Donostia osorako diseinua auzo elkarteekin eta beste eragile sozial batzuekin egingo da, horretarako propio udal batzorde bat sortuta.

12 Donostiako Emakumeen Etxe berri bat

Emakumeen Etxea emakumeak ahalduntzeko, berdintasun politikak lantzeko eta mugimendu feministaren eta Udalaren arteko lankidetza bideratzeko funtsezko tresna bihurtu da. Baina aldi berean, gaur egungo espazioaren mugapenak agerian geratu dira. Espazioa arazo bilakatu da eta honek premiazkoa egin du azpiegitura eta kokaleku berri bat.

13 Oinez edo bizikletaz, Donostia alderik alde

Ekialdetik mendebaldera Donostiako auzoak lotuko dituen oinezkoentzako eta bizikletentzako bide azkarra.

Auzoen arteko konexioa egiteaz gain, auzoak eta lan-leku nagusiak (industrialdeak, poligonoak, merkatal-guneak, Erdialdea...) lotuko ditu.