Donostia

Albisteak

Metro-pasantearekin gertatzen ari denaren arduradunek izen-abizenak dituzte: Eneko Goia (EAJ) eta Iñaki Arriola (PSE)


EH Bilduk herritarrei azalpenak emateko eskatu die Arriolari eta Goiari, bai Eusko Legebiltzarrean bai Donostiako Udalean

| 2020-11-17 13:53:00

Donostiako Zubieta kalean, ekainaren 5ean agertu zen zulotik hamar metro eskasera, beste zulo bat agertu da, eta horrek kezka eta haserre handia eragin du bizilagunen, langileen eta, oro har, herritarren artean. Izan ere, Donostiako Udalak, ETSk eta Eusko Jaurlaritzak hilabeteak zeramatzaten ingurua aseguratuta zegoela eta arriskurik ez zegoela ziurtatzen. Gaurko gertaerek, ordea, erakusten dute arazoa ez dagoela konponduta, inondik ere. Eta okerragoa dena; oraindik ez da inor atera gertatutakoaren erantzukizun politikoak bere gain hartzera.

Reyes Carrere eta Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak goizean goizetik azaldu dira bertara, eta zulo berriari buruzko azalpen teknikoak biltzeaz gain, bertatik bertara jaso ahal izan dituzte bizilagunen, metroko langileen eta Dbuseko autobus-gidarien kezka eta haserrea (zuloa galtzadan agertu da, autobusak minutu batzuk lehenago igarotzen ziren lekutik).

Jaso ditugun informazioen arabera, zuloa goizeko lehen orduan agertu da. dBuseko gidariek Udaltzaingoari jakinarazi diote zerbait gertatzen ari zela galtzadaren erdian eta, agenteak iritsi direnean, zuloa agerikoa zen dagoeneko. Denborak aurrera egin ahala, zuloa handituz joan da, bizilagunek eta langileek hasieratik sare sozialetan partekatutako argazkiek erakusten dutenez.

Bertan lanean ari direnen arabera, zuloa 30 metro kubikokoa izango litzateke eta barrutik Londres hoteleko pareta ikus liteke. Zuloak lotura zuzena izango luke ekainaren 5ean gertatutakoarekin, hamar metro eskasera dagoena, Zubieta kaleko 8. zenbakiko sotoan. Langileek aurreikusi zuten orduan zulo gehiago agertuko zirela inguru horretan; izan ere, ekainean luizia gertatu baino ordu batzuk lehenago tunelean agertutako harea eta uraren bolumenak pentsarazten zuen sotoan agertutako zuloa espero zitekeena baino handiagoa zela. Dirudienez, azkenaldian egin dituzten azterketa geoteknikoek ez dute gertatzen ari zena antzeman.

Talde teknikoak zuloa betetzen ari dira porlanarekin, baina inork ezin du ziurtatu une honetan zulo gehiago agertuko ez direnik, ez eta non agertu daitezkeen ere. Hiriaren erdiguneari buruz hitz egiten ari garela gogoratu behar da, trafiko handiko eremua dela, eta une honetan ziurgabetasun eta segurtasun eza oso handia da.

Goia alkateak, bestalde, baloiak kanpora bota ditu, udaletxeko prentsa aretotik, zuloaren ingurua ziurtatzeko eskatu baitie obraren arduradunei. Hala ere, ez du inolako erantzukizunik bere gain hartu hilabete hauetan guztietan eremua segurua zela behin eta berriz defendatu izanagatik. ETSko eta Eusko Jaurlaritzako arduradunek ere ez dituzte dagozkien erantzukizunak bere gain hartu, ezta Arriola sailburuak ere. Bizilagun batzuk, gainera, protesta egiten ari ziren eguerdi partean, Udal Gobernuko ordezkari politiko bat ere ez delako hurbildu bere egoeraz galdetzera.

EH Bildutik, Reyes Carrerek, zuloa agertu den tokitik metro batzuetara, lanak erabat geldiaraztea eskatu du. Gaur gertatutakoa "Eneko Goia alkateak eta Arriola sailburuak azken hilabeteetan erakutsi duten arduragabekeriaren ondorio zuzena" dela salatu du. Izan ere, ekainaren 5etik daramate esaten "dena kontrolpean zegoela, ez zegoela arazorik eta ingurua segurua zela". Hori dela eta, Arriolak eta Goiak gertatutakoaren erantzukizuna "behingoz" onartzea eta egindako akatsak onartzea eskatu du Carrerek. Era berean, "obrak berehala eta erabat geldiaraztea" eskatu du.

Izan ere, pandemiaren erdian, metroaren pasantearekin gertatzen ari den guztiaren kostua diru publikoaren xahutze hutsa da, edozein ikuspuntutatik begiratuta. Denborak aurrera egin ahala, eta albiste gehiago azalduz joan ahala, egoerak okerrera egiten du. Azken batean, metro-pasantearen lanak zulo beltz handi bat bihurtu dira berez, eta baliabide publikoak irensten ari dira, osasungintzan, hezkuntzan, zaintza-sisteman, sektore ekonomiko kaltetuenei laguntzen eta abarretan erabili beharrean.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk agerraldia eskaera erregistratu du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean, Arriola sailburuak herritarrei eskura duen informazio guztia eman diezaien. Izan ere, argi dago bere azken adierazpen publikoetan datu asko nahita ezkutatu dizkiela herritarrei. Era berean, Eneko Goia Donostiako Udalean azalpenak ematera behartuko dugu berriro ere, nahiz eta azken osoko bilkuran ziurtatu zuen ez zuela EH Bilduri gai horri buruzko inolako informaziorik emateko beharrik.