AKTUALITATEA


| 2022-05-09 12:11:00

Urte hauetan kale egoeran dauden pertsonen egoerari buelta emateko hamaika ekimen eta proposamen egin eta gero –gehienenak, Udal Gobernuak baztertuak– orain, Donostiako Abegi Etxearen erregelamendua eta baldintzak aldatzeko aukera iritsi zaigu.

Izan ere, gure hiriko kaleetan gero eta etxerik gabeko jende gehiago dago, edonork ikus dezakeen bezala, eta Eusko Jaurlaritzak egindako azterketen eta pobrezia-inkestek baieztatzen duen bezala. Udal Gobernuak berak zenbait txostenetan onartu du gero eta pertsona gehiago daudela kalean eta, beraz, egungo udal baliabideak ez dira nahikoak.

Donostiako Udal Gobernuak (PNV-PSOE) Abegi Etxearen erregelamendua aldatzeko prozesu hau abian jarri du apirilean. Gogoan izan dezagun erregelamendua aldaketarik gabe mantendu dela 2004tik. Udal Gobernuak hainbat aldaketa proposatu ditu, baina, gure ustez, motz gelditzen dira eta EH Bildutik aukera hau baliatu nahi dugu baliabidea egungo beharretara moldatzeko. Izan ere, baliabideak eta zerbitzuak dira pertsonetara eta errealitate berrietara egokitu behar direnak.

Gauzak horrela, honako zuzenketa hauek egin dizkiogu erregelamenduari (maiatzeko udalbatzarrean bozketara eramango direnak):

  • Aurten ikusi dugu eragileen aldetik etengabe eskatu dela baliabideen irekiera negu gorrian. Pandemiak baliabideak egokitzea eskatzen duten errealitate desberdinak egon daitezkeela erakutsi digu, bestalde. Hori dela eta, honako hau proposatu dugu: Abegi Etxeak prestatu ahal izango dituela instalazioak gaua kalean ematen duten pertsonak hartzeko, baldin eta eguraldiarengatik, egoera soziosanitarioarengatik edo beste arrazoiren batengatik beharrezkotzat jotzen bada. Horrela, borondate politikoa nahikoa izango da baliabidea irekitzeko.

  • Abegi Etxean dauden familiei arreta emateko zerbitzuan, eskainitako prestazioen artean adingabeen eskolatze-prozesuarekin lotutako beharrak sartzea.

  • Udal Gobernuaren proposamenak hiru eguneko egonaldiak baimentzen ditu gehienez ere eta, ondoren, pertsonak ezin du baliabidea berriro eskatu hiru hilabete pasatu arte. Pentsatzen dugu honek ez diela erantzuten gaur egun fenomenoak dituen ezaugarriei eta honako hau proposatu dugu: zerbitzuaren gehieneko iraupena bost egunekoa izatea. Kasu horretan, eskatzaileak zerbitzuan jarraitzea eskatuko balu, Bizitoki Batzordeak baloratuko luke kasu bakoitza, eta idatziz erantzungo luke. Horrela, egonaldi eskaera bakoitza aztertu egingo dela ziurta dezakegu.

  • beharrezko ikusten dugu zerbitzuak genero-ikuspegiarekin antolatzea (aldagela bereziak izatea, oheak generoa kontuan hartuta banatzea edota emakumeen/gizonen higiene-premia espezifikoak txertatzea). Gainera, arreta berezia jarriko da genero-indarkeria prebenitzeko.

  • Gizarte Zerbitzuei buruzko 185/2015 Dekretuaren 1.7 eta 1.8 fitxetan araututakoaren arabera, eguneko eta gaueko harrera-zerbitzuaren erabiltzaileek, baliabide horretan dauden bitartean, kontsignan beren bagajeak gorde ahal izateko eskubidea izatea: erabiltzaileek zerbitzua uzten dutenean kontsignan utzitako objektuak eramango ez balituzte, astebetez gordeko litzaizkieke, eta, ondoren, ahal balitz, telefonoz jakinaraziko litzaieke 24 orduko epean eraman beharko dituztela gauzak. Erantzun ezean, objektuak abandonatutzat joko lirateke, eta Abegi Etxeak egokitzat jotzen duen moduan erabili ahal izango lituzke. Orain arte, kontsigna zerbitzua gaua pasatzen dutenei, soilik, eskaintzen zaie eta utzitako objektuei dagokienez ez zaie jasotzeko epea telefonoz komunikatzen.

  • Azkenik, Udal Gobernuak Bizitoki Batzorde Teknikoa sortzea proposatu du, egonaldiak gestionatzeko. Gure proposamena da batzorde honek hiru hilean behin txosten bat egitea eguneko eta gaueko arretarako baliabideen egoerari buruz, eta horren berri ematea Gizarte-ekintzako Kontseiluan. Gardentasun eta kontrol ariketa beharrezkoa dela uste dugu.