Donostia

Albisteak

Etxebizitza babesturik gabeko operazio urbanistiko bat ahalbidetzeko Udal Gobernua eskuzabalegi jokatzen ari dela salatu du EH Bilduk


Intxaurrondoko Luisa Enea eremuan, Monseko kiroldegiaren ondoan , 48 etxebizitza libre eta 115 aparkaleku eraikitzeko egitasmoa dago

| 2020-09-16 12:14:00

Inork ez du zalantzan jartzen Donostia dela etxebizitza eskubidearekin lotutako arazo gehien dituen euskal hiria. Izan ere, etxebizitza garestienak dituen Estatu osoko hiria gara. Errealitate gordin horren aurrean, administrazio publikoen erantzuna ez da nahikoa. Izan ere, babestutako etxebizitzen eskaria eskaintza baino askoz handiagoa da. Adibidez, duela gutxi ikusi genuen ia hamar mila pertsona Txomin Eneako alokairu sozialeko 162 etxebizitzetako bat eskatzen.

Eneko Goiaren etxebizitza-politika, bai lehen agintaldian, bai bigarrenaren hasiera honetan, oso eskasa izaten ari da. Etxebizitzaren prezioak sortzen dituen arazo larriei aurre egiteko, Donostian ez dago etxebizitza-politika aktiborik. Aitzitik, arazoak okerrera egiten jarraitzen du. Badirudi euren auzoak utzi eta kanpora bizitzera joatea dela irtenbide bakarra gero eta jende gehiagorentzat, batez ere gazteentzat, horrek Donostia bezalako hiri zahartu batentzat suposatzen duenarekin.

Irtenbideetako bat da babestutako etxebizitzen udal-parkea handitzea, batez ere alokairu-erregimenean. Baina argi eta garbi esan behar da, babes ofizialeko etxebizitzei dagokienez, Goiaren helburua ahalik eta gutxien egitea dela, eta zentrotik zenbat eta urrunago egin hobe. Aldakoenean, esaterako, legez proiektatu daitezkeen babes ofizialeko etxebizitza kopuru txikiena proposatzen ari dira, eta gainera, trikimailu urbanistikoak bilatzen ari dira babestutako etxebizitzak Altzan egin daitezen eta ez Egian. Eta beste proiektu batzuetan, jarraian azalduko dugun bezala, espedienteak modu eskandalagarrian elaboratzen dira, babestutako etxebizitzarik eraiki ez dadin.

Intxaurrondoko IN.03.3 Luisa Enea azpieremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren behin betiko onarpena eztabaidatu zen asteleheneko udal batzordeetan. Hemen, sustatzaile pribatu batek Monseko kiroldegiaren ondoan dauden Villa Luisa eta Villa Mi Capricho eraisteko asmoa du, 48 etxebizitza libre eta 115 aparkaleku eraikitzeko. Hau da, gure hirian dagoen etxebizitza berrien prezioa kontuan hartuta, milioi askoko hirigintza operazio batetaz ari gara.

Gure taldeak egindako espedientearen azterketak agerian utzi du, gutxienez, udalak eskuzabalegi jokatu duela urbanizazio-obrak zenbatzerakoan. Oso susmagarria da aurrekontuaren % 5era iristetik 6.000 euro eskasera geratu dela urbanizazioaren kostea. Hori funtsezko kontua da partzela baten eraikigarritasuna kalifikatzeko orduan; izan ere, urbanizazio-obren zenbatekoa proiektuaren % 5 baino handiagoa bada, etxebizitzak zuzkidura-etxebizitza gisa definituko dira automatikoki, eta sustatzaileak babes ofizialeko etxebizitzen % 40 eraikitzeko betebeharra izango du legez. Hau da, sustatzaileen irabaziak nabarmen jaitsiko lirateke.

Eta esaten dugu udala eskuzabalegia izan dela egon dela babeseko etxebizitzak sartu behar izatea salbuesteko, partida batzuk irrigarriak direlako. Hainbat kontu susmagarri daude, adibidez, bi Villak demolizio-lanen atalean 2.242 euro baino ez dituztela aurreikusten. Baina sumagarriena da urbanizazio-aurrekontuan sartuta egon beharko luketen eta txostenean agertzen ez diren zenbait partida daudela, hala nola goi-tentsioko linea bat lurperatzeko betebeharra. Joan den astelehenean EH Bilduk galdera bat egin genien hirigintzako arduradunei partida zehatz horri buruz, eta mutu geratu ziren.

Eta, berriro diogu, hau ez da kontu hutsala, honen atzean babestutako etxebizitzak eraikitzetik salbuestea edo ez salbuestea baitago. EH Bilduren ustez, etxebizitzaren arazoari irtenbideak emateak lehentasun osoa du gure hirian, are gehiago Covid-19aren ondorioz krisi ekonomikoan murgilduta gaudenean.

Hauek horrela, EH Bilduk Eneko Goiaren Gobernuari exijitu dio espedientea zuzendu dezala eta babes publikoko etxebizitzak eraikitzeko betebeharra jaso dezala proiektu honetan.