AKTUALITATEA


| 2021-05-26 12:44:00

Legealdiaren erdia betetzen denean, eta Eneko Goiak 6 urte betetzen dituenean alkate bezala, bere hiri eredu neoliberalaren higadura eta bere politika askoren porrotak nabariak dira. Bizi-kalitatea okertzen ari da gure hirian, aldaketa klimatikoaren aurkako borroka ez da lehentasun bat eta gobernantza eredu autoritario bat ezartzen ari da. Akatsak zuzentzen saiatu beharrean, Goia betiko politiketan tematu da, eta ondorioa da hirian ditugun desorekak areagotzen ari direla eta bi abiadurako hiri bat eraikitzen ari dela.

Urte hauetan, 2008ko krisiaren ondoren egon den susperraldi ekonomiko garaian, Udal Gobernu honek turismoaren burbuilan oinarritutako hiri-eredu bat bultzatu du, lan-prekarietatea eraginez, politika zentralistak sendotuz eta, honen guztiaren ondorioz, pertsonen arteko desberdintasunak handituz. Sei urte hauetan, gehiegitan, erabaki politikoak interes pribatuen arabera hartu dira, eta pertsonen ongizatea politika publikoen erdigunetik kendu da.

Horrela, pandemiaren ondorioz krisia iritsi denean, aurretik zetorren hiri-ereduaren krisia lehertu egin da, turismoaren burbuila zulatu da, kajoi batean sartu da klima-aldaketaren aurkako borroka, eta jauzi kualitatibo bat eman da hiri-eredu neoliberalean, irabaziak pribatizatuz eta galerak sozializatuz. Alegia, alkateak pandemiari eman dion erantzuna aurreko ereduaren azeleragailua zapaltzea izan da, eta horrek egoera okertu egin du.

Eta, beti bezala, horren guztiaren ondorioak, langabeziaren, prekarietatearen eta desberdinkerien hazkundea, sektore zaurgarrienak, emakumeak, gazteak, pentsiodunak eta periferiako auzoak ordaintzen ari gara. .

Etxebizitza larrialdia

Etxebizitzaren prezioa maximo historikoetan dago, eta pandemia garaian ere igotzen jarraitu du. Horren ondorioa, zoritxarrez, oso ezaguna da: ehunka pertsona, gehienak gazteak, euren auzoetatik kaleratuak izan dira. Arazoa konponbidean jarri beharrean, Eneko Goiaren alkatetzan, etxebizitzaren arazoak okerrera egin du, eta dagoeneko etxebizitza emergentzia egoeran gaude: 35 hotel berri baino gehiago ireki edo baimendu dira sei urte hauetan, 550 turismo-pisu baino gehiago legeztatu dira, funts putreek indarra hartu dute eta, orain, berriz ere, etxegabetzeak.

Auzoen arteko desberdintkeriak

Udal Gobernuak eredu zentralista baten aldeko apustua egiten jarraitzen du, hiriaren erdialdean inbertsio gehienak eginez. Auzoetan proiektu ekonomiko berririk ez egoteak desberdintasun sozioekonomikoak areagotzen ditu, batez ere Altzan, Intxaurrondon eta Bidebietan. Izan ere, Goiaren alkatetzan, auzoen arteko desberdintasunak areagotu dira: historikoki errenta altuena duen auzoaren eta errenta baxuenaren arteko aldea 2-1 izan da, beste euskal hirietan baino txikiagoa, baina azken urteetan desberdintasunak areagotu egin dira eta, azken datuen arabera, Miramon eta Altzaren arteko aldea 3,5 - 1 da. Eta urtez urte igotzen ari da.

Turismoa

Eneko Goia sustatzen ari den hiri ereduan, turismoa motor ekonomiko nagusia da. Publikoki kontrakoa adierazi arren, errealitatea da Antondegiko surf parkaren, uharteko itsasargiaren eskulturaren edo Woody Allenen filmaren helburua turismoaren sustapena dela. Bada garaia Goiak kareta kentzeko eta donostiarrei aitortzeko Donostia ohiko hiri turistiko estandar bat bihurtu nahi duela.

Larrialdi klimatikoa

2020ko martxoan, Larrialdi klimatikoaren deklarazioa onartu zuen Udal Gobernuak, eta esan daiteke legegintzaldiko bluf handiena izan dela. Adierazpena inplementatzen hasi ordez, bertan proposatutakoaren kontrakoa egin da. Antondegi eta Santa Klara uhartearen artifizializazioa Deklarazioarekin eta larrialdi klimatikoaren aurkako borrokarekin bateraezinak diren bi erabaki politiko dira.

Zerbitzuen pribatizazioa

Bestalde, zerbitzu publikoak pribatizatzeko prozesua azkartzen ari da. Horren adibide garbia da pribatizatzen ari diren kiroldegiak, eta beste zerbitzu batzuetan ere norabide horretan aurrera pausuak ematen ari dira.

Gobernantza eredua

Azken bi urteetan, EAJ-PSE Udal Gobernua gobernantza eredu autoritarioan aurrera pausuak ematen ari da, Udalbatzarraren sentsibilitate ezberdinen proposamenak sistematikoki baztertuz, oposizioak Gobernuari kontrolatzeko duen eskubidea urratuz, mozioen kopurua murriztuz, eta abar.

Pandemian, gainera, gobernantza-eredu pertsonalista indartu da, azalpenik ematen ez duen alkate batekin, azken osoko bilkuretan hitza hartzen ez duena, eta prentsaurrekoetan gezurrak justifikatzen dituena.

EH Bilduren proposamena hiri-eredu berri baterako

  • Eredu parte-hartzaile eta garden baten aldeko apustua. Udalaren sinesgarritasuna berreskuratzea, pertsona guztiak berdin tratatuz, adiskidekeriarik gabe.

  • Zaintza eredu publiko berria: adinekoak, mendekotasuna dutenak, lan prekarietatearen aurkako borroka hain feminizatuta dauden sektore hauetan, etab.

  • Ekialdean Bizi: auzo hauetan aberastasuna eta ongizatea sortzen duten proiektu traktoreak berehala ezartzea. Irisgarritasuna, oinezkoentzako eremuak eta abar ezartzea.

  • Klima-aldaketaren aurkako borroka: Donostiako gerriko berdea babestea (Belartza, Antondegi), hiri-eremuan ibilgailuak murriztea, hiri osoan bizikletaren erabilera sustatzea, etab.

  • Etxebizitza-politika berria: pisu turistikoak murriztea, alokairuaren prezioa mugatzea, alokairu sozialeko etxebizitza-parke publiko handi baten aldeko apustua.

  • Zuzeneko kudeaketaren eta kalitatezko zerbitzu publikoen aldeko apustua. Kontrol handiagoa azpikontratatutako zerbitzuetan.

  • Auzoetako denda txikien aldeko apustua, merkataritza gune handien aurrean.

  • Euskal kultura, euskal nortasuna eta euskara lehen planora ekartzea.