AKTUALITATEA


| 2022-12-12 15:08:00

Eneko Goiak Udal Batzordean azalpenak eman behar izan ditu gaur, EH Bilduren eskariz, 2023an Mugi txartelaren deskontuekin zergatik oraindik ez den konprometitu azaltzeko. Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak behin eta berriz galdetu arren, alkateak ez du argitu azkenean laguntza hauek finantzatzeko aurrekontuetan kontu-sail bat sartuko duen edo ez. Alkizak erantzun dio «aitzakiak zerrendatzeari» uzteko, eta «borondate politiko»aren kontua dela donostiarrek ere laguntza garrantzitsu hori izatea «prezioak igotzen ari diren eta krisi ekologiko eta energetikoan murgilduta gauden garai hauetan».

EH Bilduko zinegotziak behin baino gehiagotan galdetu behar izan du zergatik Donostia ez zen ordezkatuta egon Gipuzkoako Garraio Agintaritzaren bileran, deskontuak eztabaidatu zirenean. Baina Goiak ez dio erantzun nahi izan. EH Bilduren iritziz, argi geratu da bilera garrantzitsu horretara ez joatea akats politiko larria izan dela.

Gainerakoan, Eneko Goiak berriro errepikatu ditu orain arte Mugi txartelaren deskontuekin konprometitzea saihesteko erabili dituen argudio berberak.

Laguntza nork finantzatuko duen argitu arte Donostiak ez duela aurrekonturik izango azpimarratu du Goiak. Alkizak erantzun dio ia erakunde guztiak konprometitu direla laguntzekin, funtsak Eusko Jaurlaritzatik edo Madrildik iritsiko diren zehaztu arte itxaron gabe. Izan ere, garraio publikoaren deskontuen inguruan adostasun politikoa dago eskumenak dituzten erakunde guztietan, eta gehiengoa Donostiako Udalbatzarrean.

«Borondate politikoaren kontua da» errepikatu du Alkizak, «zuek erabaki behar duzue zenbat eta nola inbertitu nahi duzuen Donostiako garraio publikoan eta herritarren ongizatean», eta gogorarazi du EAJk, PSErekin batera, Donostian, Gipuzkoan eta Eusko Jaurlaritzan gobernatzen duela.

Bestalde, Mugi anonimoa deskontuetan sartzea izan da, berriro ere, horiek babestea saihesteko arrazoi nagusietako bat. EH Bilduko zinegotziak gogarazi dio txartel hori dBuseko bidaien %6 baino ez dela, eta Garraio Sailak aurreikusitako finantzaketaren banaketarekin (1,7 milioi Donostiarako), txartel anonimoa sartzeak edo ez sartzeak ez lukeela 50.000 euro baino gehiago ekarriko. Ez dirudi, jakina, ia 500 milioi euroko udal aurrekontuak geldirik edukitzeko adina diru denik.

Mugi anonimoaren izaeraren aurrean, Garbiñe Alkizak erantzun dio alkateari Mugi txartela hobetu daitekeela, baina, kasu honetan, «deskontuei ez laguntzeko aitzakia» dela; izan ere, EH Bilduk Mugin progresibitatean hobekuntzak proposatu dituen aldiro, EAJ izan da horren aurkakoa agertu den lehena.

Hain garrantzitsua den gai batek interes alderdikoiak alde batera utzi eta donostiarrengan bakarrik pentsatzea eskatzen du. Hala ere, alkateak beste lehentasun batzuk ditu Mugi txartelaren deskontuekin konprometitu baino lehen.

Eskumenen ikuspegitik, EH Bilduren ustez, Eusko Jaurlaritzak ez du zertan Madrilen deskontuen luzapena adostu arte itxaron behar, «Eusko Jaurlaritzak dirua duelako, behar soziala dagoelako eta eskumenak baditugulako». Jakina, Madrildik finantzaketa iristen bada, ongietorria izango da, baina hori ezin da izan deskontuak luzatzeko edo ez luzatzeko baldintza; ezta Donostiako 2023ko aurrekontuak geldirik mantentzeko baldintza ere.