AKTUALITATEA


| 2020-02-05 11:33:00

Dirudienez, dorrearen argiztapena diruz laguntzeko partida baten aurrean gaude. Zehazki, 2019ko abenduaren 31n sinatutako Ogasuneko ordezkariaren ebazpen baten bigarren puntuan, Kultura sustatzea eta bultzatzea programan, Artzai ona argitzeko aportazioa sortzea eta 394.958,50 eurokin hornitzea onartu zen.

Osoko Bilkuran onartutako aurrekontua hirukoiztu egin da, beraz, horretarako udal-kontingentziarako funtsa erabiliz. Gogoratu behar da funts hori aurrekontuan egiten denean aurreikusi gabeko premiazko gastuak ordaintzera bideratuta dagoela. Artzai Onaren dorrea berritzeko proiektua ezaguna zen aurrekontuak egin zirenean, eta diru laguntzaren urgentzia ere ez dugu justifikatuta ikusten.

Azken hilabeteetan Goia alkatearen kudeaketa-eredua gero eta antidemokratikoago bihurtzen ari da eta hemen joera horren beste adibide baten aurrean gaude. Baliabide publikoen kudeaketa kontrolatzeko mekanismoak behin eta berriz saihesten ari da Eneko Goia, eta erakunde publikoen kudeaketa zuzendu beharko luketen gardentasun eta informazio printzipioak lurperatzen ari da. Beste era batean esanda, Eneko Goiak bere mesederako eta bere interes alderdikoien mesedetan erabiltzen du alkatetza.

1,6 milioiko “akatsa” eta ROParen aldaketa atzerakoia

Munillari emandako aparteko diru-laguntzaz gain, astebeteko epean ikusi dugu, halaber, alde batetik, Udal Gobernuak ia 1,6 milioi euroko aurrekontu-aldaketa bat egin duela, Txomin Enea auzoa urbanizatzera bideratuak zeudenak baina Santa Klara uharteko itsasargiaren obra artistikorako transferituak izan direnak. Eta, bestalde, berriki publiko egin da, halaber, Goiak Osoko Bilkuraren Araudia aldatuko duela, Udal Gobernuaren jarduerari oposizioak egin behar dion kontrol-mozioen kopurua asko murrizteko eta eztabaida guztietan azken hitza beti Udal Gobernuak izateko. Alegia, nahi duena nahi duen eran egiteaz gain, Goiak ez du nahi herritarrek beren trikimailuak ezagutu eta salatu ahal izatea.

Baina Goiaren kudeaketa-eredu txar honetaz gain, diru publikoa erabiltzeko orduan Udal Gobernuaren lehentasunak ere salatu nahi ditugu EH Bildutik, baita Kultura departamenduarenak ere. Artzai Ona lehenetsi da orain baina gogoratu behar da Larrotxene kultur etxea birgaitzea 2020ko aurrekontutik kanpo utzi dutela, azken orduan Victoria Eugeniaren fatxadan txukuntze lan bat egitea hobetsi dutelako. Kultura eta lurralde desorekak gero eta handiagoak gure hirian.