Donostia

Albisteak

Eneko Goiak aurrekontu arrunt bat aurkeztu du, salbuespeneko egoerari aurre egiteko balio ez duena


Gaur, EAJko eta PSEko Udal Gobernuak prentsaurrekoa eman du 2021eko aurrekontuen aurreproiektua aurkezteko. Datozen egunetan partida zehatzak aztertuko ditugun arren, dagoeneko adierazi dezakegu Eneko Goiak aurrekontu arrunta eta kontinuista aurkeztu duela, eta horrek ez duela balio bizi dugun salbuespeneko eta ez-ohiko egoerari aurre egiteko.

| 2021-02-03 13:56:00

Pandemiak gogor astindu du Donostiako eredu sozio-ekonomikoa, gure inguruko hirietan baino gehiago, eta areagotu egin ditu lehenagotik zetozen desorekak eta joera negatiboak (langabezia eta prekarietatea, zahartzearen ondorioak, auzoen arteko desorekak, etxebizitzaren arazoa...). Horregatik, uste dugu aurtengo aurrekontuak izaera estrategikoa izan behar duela. Hala ere, EAJk eta PSEk gaur aurkeztu dutena aurrekontu arrunta da, diru-sarreren beherakadara eta krisiaren ondorioz egon den gizarte-laguntzen eskaeraren igoerara proportzionalki egokitzera mugatuz.

Lehen irakurketa honetan, EH Bildurentzat funtsezkoak diren aurrekontu-proiektuaren hiru gabezia nabarmendu nahi ditugu:

Lehenik eta behin, EAJren eta PSEren gobernuak aukera ezin hobea galdu du zaintza sistema publikoa birpentsatzeko eta indartzeko. Pandemian ikusi ditugu egungo ereduak dituen gabezia larriak, agerian utziz zerbitzu publikoen pribatizatzeak dituen ondorio negatiboak, sektoreko langileen lan prekarietatea, etab. Donostiak zaintza-sistema berri bat behar du, eta 2021eko aurrekontuak lehen urratsa izan beharko luke bide horretan.

Bestalde, deigarria da aurrekontu-proiektuan ez aipatu izana Gobernu honek berak 2020ko martxoan deklaratutako larrialdi klimatikoko egoera. Ekologia Sailarentzat aurreikusitako baliabide urriak guztiz koherenteak dira Gobernu honek hiri honetako biodibertsitatea suntsitzen duten proiektuen alde egindako apustu itsuarekin. Adibidez, bat dator EAJk eta PSEk Antondegin surf-park bat eraikitzeko Donostiako azken berdeguneetako bat suntsitzeko emandako babesarekin. Klima-aldaketaren aurkako neurri estrategikoak beharrezkoak dira ere krisi honetatik norabide onean ateratzeko.

Eta hirugarrenik, aurrekontu proiektu honek agerian uzten du Eneko Goiak hiri zentralista baten alde egiten duen apustua. Izan ere, auzoetan proiektu ekonomiko traktoreak sortzeko plangintzarik ez dago. Gainera, aurten Ekialdeko Barrutirako legez erreserbatu behar den partida gauzatzea espero dugu (inbertsioen %2,5). Izan ere, 2019 eta 2020ko aurrekontuak iragarri bai baina azkenean ez zituzten gauzatu.

Gaur egungo egoera ohiz kanpokoa da, aurrekaririk gabeko krisi sanitario, ekonomiko eta sozial batean murgilduta gaude. Beraz, aurrekontu-proiektuak ere salbuespenezkoa izan behar zuen. Goia oker dabil Donostia Covid-19a iritsi aurreko hiri bera izango dela uste badu. 2021eko aurrekontuek balio behar dute hiri ereduaren gabezia nabarmenak zuzentzeko, pandemiaren ondorioz azaleratu direnak.

EH Bilduren udal-taldeak uste du badela garaia gutxieneko oinarri politiko partekatuak adosteko, 2021erako baina baita epe ertain eta luzera ere.