Donostia

Albisteak

Ekialdeko Barrutiaren aurrekontuaren murrizketa berreskuratzeko formula adostu nahi du EH Bilduk Udal Gobernuarekin eta beste eragileekin


Datorren asteazkenean egingo den Barrutiko Batzarrari begira, akordio proposamen aurkeztu dute Garbiñe Alkizak eta Zigor Etxebruruak

| 2020-12-10 12:11:00

Pasa den uztailean Barrutiaren Udal Batzarrak onartu zuenetik, exekutatu gabe eta etenda egon da Barrutiaren 2020ko aurrekontua (1.552.234 €), udal organo zentralek Covid-19a dela eta hartu duten erabaki baten ondorioz.

Azaroan, Udal Gobernuak erabaki zuen berrabiatuko dituen inbertsioetako 13 milioi euroetatik 325.000 € bideratzea Barrutiari. Erabaki horren ondorioz, Barrutiak inbertsioetarako izango duen diru saila hasieran esleitua zuenaren %25 besterik ez da izango; hau da, milioi bat euro gutxiago. % 75 murriztu du Gobernuak, beste ezein udal saili egindako murrizketa baino askoz ere handiagoa.

Gainera, orain Barrutirako liberatu den kopuru hori ez da aski, ezta 2019tik egiteke zeuden jarduera guztiei ekiteko ere (Batzarrak erabakita zuen horiei lehentasunez ekitea; kostua: 406.257,7 €).

Udal Gobernuak erabaki horiek aldebakarrez hartu ditu, Barrutiko Udal Batzarrari murrizketa horren inguruan kontsultatu gabe.

Horiek horrela, datorren asteazkenean egingo den Barrutiko Batzarrari begira, akordio proposamen hau onartzea proposatzen dugu:

Barrutiaren Udal Batzarrak bere desadostasuna adierazi nahi dio Barrutiaren 2020ko aurrekontuari Donostiako Udal Gobernuak egin dion % 75eko murrizketari.

Barrutiaren Udal Batzarrak hertsatuki eskatzen dio Donostiako Udal Gobernuari berma dezala Barrutiaren hurrengo bi urteetako aurrekontuetarako diru sail berezi bat, ohiko aurrekontuari gehitzekoa, berreskuratzeko aurten murriztu zaion milioi euro hori.

Gogoratzen dugu, era berean, urriko Udal Batzan ekimena aurkeztu genuela eskatzeko Udal Gobernuari blindatu zezala Ekialdeko Barrutiaren 2020ko aurrekontua (2019tik datozen diru sailak barne), eta okerren daudenak gehiago babestea aldarrikatzen duen ekitate printzipioari kasu eginez, ez zezala murriztu ikuspegi sozialeko beste diru sailen artetik gutxien murriztu duen diru sailaren ehunekoa baino gehiago, baina PNVk eta PSEk atzera bota zuten. Gerora ikusi genuen bezala, aurrekontuak blindatu beharrean murrizteko lanetan ari ziren.

Altzako, Bidebietako eta Intxaurrondoko bizi-baldintzak hobetzeko inbertsio gehiago eskatzen ari da EH Bildu. Aldiz, langabezia, errenta eta abarren indize txarrenak dituzten auzoak izan arren, Eneko Goiak erantzun ohi digu ezin dituela auzo horiek desberdin tratatu. Baina oraingoan desberdin tratatu ditu, baina okerrago tratatzeko.