AKTUALITATEA


| 2021-05-21 13:18:00

Donostiako etxebizitzaren prezioa, salmentan eta alokairuan, maximo historikoetan dago, “adreiluaren krisian” baino gehiago. Garestitze prozesuak gora egiten jarraitu du pandemia garaian ere, beste hirietan prezioak jaitsi diren bitartean. Fenomeno horren ondorioa ezaguna da: ehunka pertsonak, gehienak gazteak, euren auzoetatik kanporatuak izan dira.

Legealdiaren erdia betetzear dagenean, eta Eneko Goiak alkatetzan 6 urte daramatzanean, bere etxebizitza-politikaren balantzea oso negatiboagoa da. Arazoa konponbidean jarri beharrean, etxebizitzaren arazoak okerrera egin du gure hirian, etxebizitza larrialdiko egoera honetara iritsi arte.

Balantzea izugarria da: sei urte hauetan 35 hotel ireki edo baimendu dituzte, lehen solairuaren gainetik kokatuta dauden 500 pisu turistiko baino gehiago legeztatu dira, funts-putreek ehunka familia kaleratzeko arrisku larrian jarri dituzte... Eta, gainera, Donostiako EAJ eta PSEko azken erabakia Etxegintzaren berankortasunaren aurkako protokoloetan etxegabetzearen bidea txertatzea izan da.

Argi dago etxebizitzaren arazoa ez dela bakarrik Donostiaren arazo bat, eta dimentsio orokorra duela. Alde horretatik, gure hiriari bete-betean eragiten dion Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza-politikaren balantzea ere oso negatiboa da. Besteak beste, EAJk alokairuaren prezioei muga jartzeari uko egin izanari buruz ari gara, edo PSEk oraindik ez duela sortu 2016ko Etxebizitzaren Euskal Legean aurreikusitako etxebizitza hutsen erregistroa; izan ere, hori gabe ezin da martxan jarri ez etxebizitza hutsaren kanona ez alokairu behartua.

EH Bilduk uste osoa du arazoari irtenbidea emateko diziplina anitzeko neurriak hartu behar direla, arazoari helduz modu integralean. Neurri horien guztien helburua etxebizitza espekulazio-dinamikatik ateratzea da, etxebizitza eskubide gisa kudeatzen hasteko.

Eta etxebizitza-politika publikoak errotik aldatzeko ezinbestekoa da herritarrek jarrera aktiboa mantentzea. Alde horretatik, EH Bilduk bere oinarri sozialari eta donostiar guztiei dei egiten die bihar, maiatzak 22, larunbata, 17:30ean Katalunia plazatik, “Etxeak bizitzeko, ez negoziorako! Donostia por el derecho a la vivienda” lemapean Donostiako zenbait gizarte-eragileek antolatu duten manifestazioan parte hartzera.