Donostia

Albisteak

Egindako akatsengatik eta informazioa ezkutatzeagatik azalpenak eskatuko dizkie EH Bilduk Martinez de Cabredori eta Goiari, eta erantzukizunak asumitzeko


Datorren astelehenean, goizeko 10:00etan, "Euskotrenen Donostiako lanen jarraipenerako batzorde ez-iraunkorra" bilduko da, eta bertan parte hartuko duela Ernesto Martinez de Cabredo ETSko arduradun politikoak, Eneko Goia alkatearekin batera.

| 2020-11-20 12:17:00

Bilera hau Zubieta kalean bigarren zulo bat agertu ostean egingo da. Oraingoan, ekainean bezala, ordezkari politikoek "ezusteko" eta "susto" gisa definitu dute gertatutakoa, eta Arriola sailburuak tokiko telebista batean esan du ezin duela ziurtatu zulo gehiago azalduko ez direnik. Ziurgabetasuna areagotzen ari da, eta donostiarren haserrea ere bai.

EH Bildu oso zorrotza izango da Martinez de Cabredorekin eta Eneko Goiarekin asteleheneko bileran. Izan ere, aurrekariak onartezinak dira, ezin baita berriro gertatu Batzorde honen aurreko bilerakoa, 2020ko uztailaren 20koa, ekainaren 5eko lehen zuloaren ondoren.

Lehenik eta behin, onartezina delako Eusko Jaurlaritzaren mendeko organo publiko bateko ordezkari batek, ETSko arduradun batek, lotsarik gabe, egia ezkutatzea han egon ginen udal-ordezkarien aurrean. Izan ere, geroago jakin izan dugunez, argi dago uztailaren 20an ETSk bazekiela:

  • Obra geldirik zegoela tarte osoan, mantentze-lanetarako eta lur gaineko lanetarako izan ezik; izan ere, ekainaren erdialdean enpresa esleipendunek jakinarazi zioten ETSri langileen % 70en kontratuak etenda zeudela (kontratuaren aldi baterako etenaldi partziala), hasiera batean abendura arte, eta geroago jakinarazi zuten behin betiko kaleratzea izango zela, bigarren lizitazio bat egin behar delako.

  • Bilera egin eta 13 egunera, abuztuaren 3an, ETSk bazekien Kontxako arkupeetatik hormigoia injektatzen hasi behar zuela (orain prentsaren bidez jakin dugu esku-hartze horrek hiru fase dituela: bigarrena hondartzan bertan izango da, eta hirugarrena Zubiri plazan eta Easo kalean. Abuztuaren 3ko oharrean, esku-hartze horrek "hiru hilabete" iraungo zuela iragarri zuen ETSk, baina argi dago askoz gehiago izango direla).

  • Ziur bilera horretan ere bazutela ekainaren erdialdean Urbieta kalean eskola publikoen azpian izandako zuloaren berri. Baina ez zuten horren berri eman ere.

  • Eta, segur aski, uztailaren 20an ere bazekiten tarte osoa berriro lizitatu beharko zutela.

Hala ere, horren berri ez zitzaien eman, ezta urrutitik ere, bileran izan ziren Donostiako herritarren ordezkari hautetsiei. Aitzitik, horrelako obretan zuloak agertzea normala zela esan zen, hitzez hitz “ikerketa geoteknikoa oso ona” zela eta ez zela beste arazorik izan.

Eta bigarrenik, uztailaren 20ko gertatutakoa onartezina da, 4 hilabete geroago, oraindik ez ditugulako jaso bertan agindutako txostenak. Oraindik ez ditugu jaso lehen zuloa agertu ondoren ustez egingo ziren eta hilabete barru bidaliko zitzaizkigun ikerketa geoteknikorako kanpaina osagarriaren emaitzak. Bigarren zuloaren agerpenak berretsi baino ez ditu egiten EH Bilduk Batzordearen premiazko deialdia eskatu zuenean genituen susmo okerrenak.

Metro-pasantearen obra iskanbilatsua izaten ari den arren, azkenean astelehenean egingo balitz, udal-organo hau legegintzaldi honetarako deitzen den hirugarren aldia izango litzateke: lehena 2019ko irailean izan zen, EH Bilduk proposatuta, formalki eratzeko (Pilar Arana -EAJ- lehendakari izendatu zuten), eta 5 minutu iraun zuen. Bigarrena, EH Bilduk eskatuta ere, aipatutako joan den uztailaren 20ko bilera izan zen.

Batzordearen helburua da Euskotrenek Donostian egiten dituen obren gorabeherak, bizilagunen kexak edo aldaketak aztertzea, bai eta obra horien eraginak eta horiek minimizatzeko hartu beharreko erabakiak ere. Udal-talde bakoitzeko kide batek osatzen du, Udal Gobernuko ordezkari bat eta ETSko ordezkariek, eta konpromisoa, gutxienez, bi hilean behin egitea zen.

Nolanahi ere, EH Bildutik azpimarratu nahi dugu guztiz beharrezkoa dela metro-pasantearen lanak gelditzea zati guztietan, bizilagunen eta langileen segurtasunagatik. Lehen ere diru publikoaren xahuketa ikaragarria zen, baina orain, pandemiaren erdian, premiak bestelakoak direnean, eta aipatutako akats tekniko eta politikoen ondorioz gainkostuak areagotu ondoren, honekin jarraitzea onartezina da eta arduragabekeri bat edozein ikuspuntutatik.