Donostia

Albisteak

EAJ-PSEk Ekialdeko Barrutia ziurgabetasunean murgildu dutela salatu du EH Bilduk


Ekialdeko Barrutia zergatik ez den arrankatzen jakiteko helburuarekin EH Bilduk eskatutako Manu Narvaez Presidentetzako zuzendariaren agerraldia egin da gaur. Izan ere, Ekialdeko Barrutiko Batzordea osatzen duten elkarteek orain dela aste batzuk salatu zutenez, “2019an gauzatzeko onartutako 23 proiektuak 2020. urtera aldatu behar izan ziren eta gaur egun, egoera askoz larriagoa da, 2019ko aurrekontuaren exekuzioa % 1etik beherakoa baita” (1). Eta 2020ko proiektuak ere geldirik daude. Ziurgabetasun egoera honen aurrean, EH Bilduk bertatik bertara ezagutu nahi zituen Eneko Goiaren gobernuak hartu behar dituen neurri zuzentzaileak.

| 2020-09-14 14:50:00

Zigor Etxeburuaren galderei erantzunez, Manu Narvaezek esan du 2019ko proiektuak ez zirela gauzatu Barrutia jaio berria zelako eta hauteskunde-urtea zelako. Eta 2020an proiekturik ez gauzatzeko aitzakia, jakina, Covid-19 izan da. Proiektuak noiz hasiko ziren aurreikusten galdetu ziotenean, Narvaezen erantzuna izan da ez zekiela. Eta ez du argitu neurri zuzentzaileak hartuko dituen ala ez.

Beste behin ere, agerian geratu da auzoak, eta kasu honetan Intxaurrondo, Altza eta Bidebieta, ez direla Eneko Goiaren Gobernuaren lehentasunen artean sartzen. Donostia bezalako hiri batean, non desberdintasunak egunez egun hazten ari diren, pandemiaren eraginez bizkortzen ari den prozesu batean, inoiz baino beharrezkoagoa da auzoetako bizi-kalitatea hobetzeko neurrietan inbertitzea. Hala eta guztiz ere, Eneko Goiaren hiri ereduak, baita covid-19 garaian ere, zentroko inbertsioak lehenesten ditu, murgilduta gauden turistizazio prozesuarekin koherentzian.

Gaur egun, Ekialdeko Barrutia (Intxaurrondo, Altza eta Bidebieta) baino ez dago martxan, eta udal-aurrekontuko inbertsio-baliabideen % 2,5 esleitzen zaio urtero. Ekialdeko Barrutiaren lehen aurrekontua 2019. urtean jarri zen indarrean, 1.250.000 € diru sailarekin. Donostiako Udalaren partaidetzako aurrekontuen prozesuarekin bat etorriz, partaidetza prozesua egin zen Ekialdeko Barrutiaren 2019ko aurrekontuan landu beharreko ekintzak aukeratzeko, eta aurrekontuaren % 55,6 bideratu zen horretara. Beste % 14,8 Barrutia osatzen duten auzoen arteko oreka zaintzeko ekimenetara bideratu zen. Azkenik, gainerako % 29,6 Barrutiaren Udal Batzarrak berak aukeratutako ekimenetara bideratu zen. Aurrekontua, ordea, ez zen exekutatu.

Aurtengo aurrekontuari dagokionez, Barrutiko Udal Batzordeak, joan den uztaileko bileran, lehentasunezko hamar ekimen aukeratu zituen, baina oraindik ez da partidarik gauzatu, Narvaezek gaur baieztatu duenez, Ogasuneko Zinegotzi-ordezkariak hartutako erabaki baten ondorioz. Barrutiko Udal Batzordeak ez du egoerari buruzko informaziorik jaso udal organo zentraletatik.

1 http://www.estibaus.info/?p=11850&langswitch_lang=eu