AKTUALITATEA


| 2019-12-20 12:47:00

Donostiako sarreran AHTaren ibilbidea aldatu ondoren, hainbat lagun euren etxeetatik kanporatzeko zorian daude Okendotegin (Martutene). Kaltetutako hainbat herritarrek prentsaurrekoa eskaini dute gaur Donostiako udaletxean, Reyes Carrere (EH Bildu) eta Haizea Garay (Elkarrekin Donostia) lagunduta.

Gari Arrese-Igorrek kaltetuen bozeramaile lanak egin ditu. Erantsitako bideoan ikus daitekeenez(https://www.youtube.com/watch?v=Eoora1AqcPE), bizilagunak oso kezkatuta daude. Izan ere, Adifek "kopuru irrigarriak" eskaini dizkie etxeak eraistearen truke (80.000 eta 120.000 euro artean), eta kalean ikusten dute euren burua, diru horrekin ezin baita etxebizitza bat erosi ez Donostian ez Gipuzkoan. Kasu batzuetan, gainera, hipoteka-mailegu bat ordaintzen ari dira Adifek eskaintzen duenaren prezio bikoitzagatik. Alegia, kalean geratzeaz gain, dirua galduko dutela. Arrese-Igorrek azaldu du zein den euren eskaria: "Donostiako herritar bezala eskatzen duguna da, etxea kentzen badigute, Donostian beste etxebizitza bat eman diezaguten".

Adif -en erabakien aurrean jarritako helegiteaz gain, Donostiako udaletxera ere jo dute bizilagunek babes bila. Goiarekin bildu ziren eta honek bere kasua aztertuko zutela adierazi zien, baina obrak jada inguruetan hasi dira, eraistearen data hurbiltzen ari da eta Udalak ez die inolako konponbiderik eskaini.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Okendotegiko bizilagunen salaketa ekarri dute Donostiako udaletxera. Urriko osoko bilkuran aho batez bozkatu zen bi taldeen mozio bateratu bat, udalari bitartekari lanak egiteko eta auzotarrei irisgarritasuna bermatzeko eskatzen ziona. Baina, oraingoz, udal gobernuak konponbiderik eskaini gabe jarraitzen du, duela bi asteko batzordeetan agerian geratu zen bezala.