AKTUALITATEA


| 2020-02-26 12:53:00

Biharko udal batzarrean Plan Orokorraren aldaketaren hasierako onarpen berria eztabaidatuko da. Eneko Goiak pisu turistikoen ordenantzarekin egindako akats politiko berberak egin nahi ditu berriro. Eta kasu honetan erabakia are larriagoa da: orain denok araudiaren ondorio zehatzak ezagutzen ditugu.

  • ikusi dugu gero eta pisu turistiko gehiago daudela

  • ikusi dugu nola garestitzen ari diren alokairuaren prezioak

  • eta ikusi dugu nola donostiar asko euren auzoetatik kanporatuak izaten ari diren.

Plan Orokorra aldatzeko saiakera berri honek jasotzen duen berritasun nagusia Plan Orokorraren barruan pisu turistikoen ordenantza bera sartzea da. Baina benetan salagarria da pisu turistikoen ordenantzak hiriko bizitzan izan dituen ondorioei buruzko autokritikarik txikiena ere ez egitea:

  • Ez da autokritikarik egiten Donostian bi egunean behin etxebizitza turistiko berri bat irekitzea ahalbidetzen duen ordenantza bat ezartzeagatik (datua Nekane Arzallus zinegotzi delegatuak berak emandakoa da). Bi egunetik behin, donostiarrak bizitzeko etxebizitza bat gutxiago, alokairuko pisuen eskaintza murriztuz eta prezioak garestituz.

  • Gainera, aurreko araudiarekin legez kanpokoak izango ziren 900 etxebizitza turistiko baino gehiago legeztatu izanagatik ere ez da autokritikarik egiten.

  • Eta Eneko Goiak ere ez du inolako autokritikarik egiten Estatuko pisu turistikoen araudirik onena genuela esan eta esan ibili izanagatik. Baina hemen ezin dugu ahaztu EAEko Auzitegi Nagusiak Donostiako udal ordenantza bat bertan behera utzi duela eta ezin dela beste alde batera begiratu, Goiak egiten duen moduan.

EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia udalera iritsi eta berehala Eneko Goia alkateak bai egin zuena izan zen pisu turistikoen jabeei lasaitasun mezu bat helaraztea. Argi dago zein zen ordenantza honen azken helburua eta zein sektore ekonomiko asetu nahi zuen.

Azken batean, ardurak asumitu beharrean, aurrera begira itsu-itsu jarraitzea erabaki du Eneko Goiak. EH Bilduren ustez, epaitegiek araudia bertan behera utzi ostean, aukera berri bat irekitzen zen etxebizitza turistikoen kudeaketa berriz pentsatzeko eta egindako akatsak zuzentzeko. Tamalez, Goiak aukera berri hau pasatzen utziko duela dirudi. Adabakiak jartzen jarraitu nahi dute EAJk eta PSEk. Eta horren ondorioz, pisu turistikoek ugaritzen jarraituko dute, alokairuaren prezioa garestitzen jarraituko du eta gero eta donostiar gehiago euren auzoetatik kanporatuak izango dira.

Hasiera berria, akatse politiko eta juridikoen ondorioa

Hirigintza-plangintzaren ikuspuntutik, lehenik eta behin, azpimarratu behar da HAPOren aldaketaren hasierako onarpen berri baten aurrean gaudela, 2019ko otsailaren 28an onartutakoa zuzentzera datorrena. Eta hasiera berri honek Udal Gobernuak egindako zenbait akats politiko eta juridikoen ondorioa dela esan beharra dago. Izan ere, Plan Orokorraren aldaketaren hasierara itzuli izanaren arrazoi nagusia erabilera turistikoko etxebizitzen ordenantzak jaso dituen zaplazteko juridikoen ondorioa da.

Eta ez hori bakarrik, Udal Gobernuak ere bazekien zer gerta zitekeen. EH Bilduk behin eta berriz adierazi zion ordenantza eztabaidatzen ari ginenean: ordenantza batek ezin du Plan Orokorraren aurka joan. Orduan, zergatik jarraitu zuten aurrera? Badirudi presa handia zutela hirian modu klandestinoan jarduten zuten ehunka pisu turistiko legeztatzeko. Sektore horren interes ekonomikoak izugarriak dira, eta, bistan denez, txapuza juridikoren bat egitea gutxienekoa zen.

Baina gogoratu behar da Plan Orokorraren aldaketa irteerara itzultzeak beste ondorio bat izango duela: bizitegi-eraikinetan hotelak irekitzea eragozten duen moratoria bukatzeko urtebete bakarrik geratuko da. Tramitazioarekin jarraitu izan balitz, ez dirudi denbora faltako zenik aldaketa behin betiko onartzeko. Orain, ordea, urtebete baino ez da geratuko osoko bilkuratik beste bi aldiz pasatzeko eta tramite administratibo guztiak betetzeko. Horrelako tramiteak eskatzen dituen denborak aski ezagunak dira udal honetan eta tramitazioa bukatu gabe epea agortuko dela oso eszenatoki errealista da. Beraz, 2021eko martxoaren 26ko data -moratoria bukatzen den eguna – hotel kate askoren agendetan dago jada.

Biharko osoko bilkurari begira, EH Bilduk 11 zuzenketa erregistratu ditu. Horien artean, pisu turistikoekin dugun arazoari aurre egiteko oso proposamen zehatza eta eraginkorra aurkeztuko dugu: Parte Zaharrean pisu turistikoak irekitzeko dagoen debekua Grosera eta Erdialde osora Easoraino zabaltzea proposatuko dugu. Gure ustez, eremu horietan martxan dauden gentrifikazio prozesuak geldiarazteko ezinbesteko neurri bat da. Izan ere, hamar urtetan Grosek 1.144 biztanle galdu ditu (% 6) eta Zentroak 639 (% 7).

Bestalde, zuzenketa bat aurkeztu dugu eraikinen lehen solairuetan jatetxe berriak ezartzea galarazteko.

Azkenik, Udal Gobernuak aldaketa hau egiteko aukeratu duen formulari dagokionez, pisu turistikoen ordenantzak orain arte izan dituen ondorioei buruzko inolako azterketarik ez dutela egin salatu nahi dugu. Hau da, ez dute aztertu ze eragina izan duen ordenantzak alokairuaren prezioan, biztanleen mugimenduan eta abar. Izan ere, gogoratu behar da Ordenantzak berak jasotzen zuela, bere azken xedapenean, Ordenantzaren eraginari buruzko ebaluazio bat egin behar dela. Beraz, egin nahi duten aldaketa hau ez dagoela behar bezain justifikatuta ondorioztatzen dugu. Ezin da horrelako aldaketa bat planteatu ordenantzaren bi urteko ibilbidearen azterketa minimorik egin gabe.