AKTUALITATEA


| 2021-07-14 11:56:00

Aldaketa sozial sakonak bizi ditu Donostiak, biztanleria oso azkar zahartzen ari da eta, hiri eredu honen ondorioz, gero eta desberdintasun gehiago daude herritarren artean, Udalak berak berriki argitaratu duen 2020ko Hiri Ekonomiaren Barometroak agerian utzi duen bezala

Pandemiaren aurretik udal zaintza-sistema berri bat beharrezkoa bazen, Covid-19rekin prozesua bizkortu egin da, eta nabarmenagoa da egoera zaurgarrienean dauden pertsona guztiak artatzea ahalbidetuko duen kalitatezko zaintza sistema berri baten beharra: mendekotasuna duten pertsonak, etxerik gabekoak, beren ikasketak on line jarraitu ezin dituzten haurrak (1), etxebizitza ordaindu ezin duten familiak, oinarrizko elikadura-beharrak dituzten pertsonak, etab.

Hala ere, Udal Gobernuak ez du pandemiaren ondorio sozialei aurre egiteko plan berezirik martxan jarri. Izan ere, aurtengo udal aurrekontuek ez dute aparteko neurririk aurreikusten gizarte politiken atalean, programa eta aurrekontu kontinuistak dira, pandemiarik izan ez balitz bezala eta ondorio sozio-ekonomikoak gaindituta baleude bezala. Bitartean, langileen, gehienak emakumeak, lan baldintzak okerrera doaz Udal Gobernuak beste aldera begiratzen duen bitartean.

Horrela, eskariak gora egin duenez, Eneko Goiaren Gobernuko Gizarte Ekintza Sailaren politiken eraginkortasuna ahulduz joan da urtez urte, eta dagoeneko egoera oso kezkagarria da, Gizarte Ekintza saileko gizarte-langileek salatu duten bezala.

Alde batetik, pandemiaren garaian, gizarte-laguntzen eskaria asko handitu da. 2019ko datuekin alderatuta, 2020an % 19,74 igo zen gizarte-larrialdietarako laguntzak (GLL) eskatu dituzten familien kopurua, eta % 37,86, berriz, kontziliaziorako udal-laguntzak eskatu dituztenena (APTC). Gizarte Ekintza Sailaren urteko memoriaren arabera, 2020an 3.200.815,33 euro inbertitu ziren GLL-etan (2019an baino % 31,06 gehiago) eta 695.956,71 euro APTC-etan (2019an baino % 29,2 gehiago).

Urtea

Eskaerak

65 urtetik gorako onuradun emakumezkoak

65 urtetik gorako onuradun gizonezkoak

2013

2.322

525

124

2014

2.613

558

143

2015

2.709

608

151

2016

2.695

662

171

2017

2.539

691

191

2018

2.534

709

196

2019

2.512

727

209

2020

3.008

722

217

Adinekoei dagokienez, esan behar da urtetik urtera gero eta gehiago direla laguntza sozialak behar dituzten Donostiako pentsiodunak, eta, batez ere, 65 urtetik gorako emakumeek behar dituztela diru-laguntza horiek oinarrizko gastuei aurre egin ahal izateko. Adibidez, 2020an gizarte-larrialdietarako laguntzak behar izan zituzten 3.008 familietatik, % 69,51 emakumeek osatzen zuten (eskaeraren titularra emakumea zen), eta horietatik % 34,5 pentsiodunak ziren.

Bestalde, zaintza arloan lan egiten duten pertsonen (gehienak emakumeak) lan-egoera gero eta prekarioagoa da Donostian. Pandemia garaian, oinarrizko gizarte-zerbitzuetako profesionalek lan itzela egin dute kolektibo zaurgarrienen ongizatea bermatzeko.

Hala ere, apirilaren 30ean Udal Gobernuak udal langileen artean ordezkapenik ez egiteko erabakia hartu zuen. Maiatzaren 4ko Tokiko Gobernu Batzarrean irakur daitekeen bezala, ordezkapenak honako zerbitzu hauetan, soilik, kontenplatuko dira: Udaltzaingoa (udan), mugikortasuneko atal operatiboa (udan), gizarte harrera zentroa eta eskola-eraikinak.

Kontuan izanda gizarte langileena kolektibo feminizatua dela eta, hortaz, amatasun zein zaintza bajak ematen direla, horrelako erabakiak ondorio negatiboak ditu gizarte langileen lanaren kalitatean eta haien lan zama areagotzen du; hain zuzen ere, gizarte gune batean zortzi gizarte langileetatik batek baja hartzen badu, beste zazpien artean banatu behar dituztelako haren kasuak eta familiak.

Zentzu honetan, gizarte-langileen kolektiboak bere baldintzak hobetzeko proposamena egin du, baina, oraingoz, Udal Gobernuak ez du neurririk hartu lan-karga arintzeko eta esku-hartze sozialak behar duten denborarekin eta kalitatearekin egin ahal izateko.

Hala ere, gizarte-langileak ez dira gainbeheran dagoen eredu honengatik kaltetuta dauden profesional bakarrak: gogorarazi behar da egoitzetako langileek 260 egun baino gehiago daramatzatela greban beren lan-baldintzak hobetzeko, eta sindikatuak etengabe salatzen ari direla etxez etxeko langileek pairatzen duten egoera, batez ere pandemiaren testuinguruan.

Egoera larri honen aurrean, EH Bilduk behin eta berriz aurkeztu ditu zaintza eredu publiko eta duin baten aldeko proposamenak, Donostian dauden etxeko 2500 langile baino gehiagoren baldintzak hobetzeko mozioak edo etxez-etxeko zerbitzuko (SAD) 400 profesionalen lan-baldintzak hobetzeko neurriak aurkeztuz. Kasu gehienetan, gure proposamenek Udal Gobernuaren EZETZA jaso dute.

Duela gutxi, Donostiako 11 gizarte-eragile (Asade, Elkartu, Gautena, Haurralde, Sos Arrazakeria, Arrats, etab.) izan dira zaintza eredu publiko berri baten aldeko aurrerapausoa eman dutenak, eta Zaintzaren Kontseilu Sektorial bat sortzea proposatu dute.

Kontseilu horren helburua hiri-kontratu berri bat adostea izango litzateke, zaintza merkatuaren eta gizartearen artean partekatutako erantzukizuneko gaitzat hartuta, baina baita etxeko gizonen eta emakumeen artean ere. EH Bilduk bat egiten du aldarrikapen honekin, eta Zaintzaren Kontseilu Sektorialaren proposamena uztaileko osoko bilkurara eramango du. Bertan, gainerako udal taldeen atxikimendua jasotzea espero dugu.

(1) “Familien %26k zailtasunak dituzte hezkuntza telematikoari ekiteko”. Donostiako Sustapena, 2021.