Donostia

Albisteak

Biharko ekimena aurrerapauso bat da torturaren biktimek merezi duten erreparazio instituzionalean


Udal talde guztiek babestu dute Mikel Zabaltzaren omenez bihar egingo den ekitaldi instituzionala Ondoren, Altzako San Martzial plazan, Herri Ekimenak sustatutako ekitaldia egingo da “Mikelen Txokoa” inauguratzeko

| 2020-12-18 13:56:00

Azaroaren 26an 35 urte bete ziren Guardia Zibilak Mikel Zabalza bere Altzako etxean atxilotu zuenetik. Harekin batera Idoia Aierbe, Jon Arretxe eta Mikelen beste senide batzuk ere atxilotu zituzten, eta tortura larriak pairatu zituzten guztiek. Mikel Zabalza ordea, ez zen bizirik atera. Hogei egun beranduago, abenduaren 15ean, bere gorpua Bidasoa ibaian agerrarazi zuten, tortura zantzu nabarmenekin.

Bertsio ofizialaren arabera, ordea, Guardia Zibilaren eskuetatik ihes egin zuen Mikelek eta ihesean bere burua bota zuen ibaira. Baina Mikel 20 egun geroago agertu zen bilaketa-taldeek ia egunero ikuskatutako leku berean. Eta Mikelek ez zekien igerian, eta eskuak lotuta zituen.

Mikelena da egiarik, justiziarik eta aitortzarik gabeko kasuetako bat. 35 urte geroago, Mikel Zabalzaren heriotzak argitu gabe jarraitzen du. Guardia Zibilaren eta Estatuko erakunde nagusien arduradunek egia zor diote euskal jendarteari. Eta behingoz onartu behar dute tortura erabili zutela sistematikoki euskal herritarren aurka, eta, batez ere, berriro ez gertatzeko konpromisoa hartu behar dute.

Alde horretatik, biharkoa beste urrats bat da Mikel Zabalzaren eta torturaren biktima guztiek merezi duten aitortzan (Eusko Jaurlaritzak 4.000 kasu dokumentatu ditu). Baina biktimen arteko desberdintasunak gainditzeko urrats gehiago egin behar dira. Eusko Jaurlaritzak jada onartu du Mikel indarkeriaren biktima dela, baina oraindik egia judiziala jakitea falta da.

Biharko egitarauari dagokionez, alde batetik, goizeko 11:00etan, Donostiako Udaletxean, Mikel Zabaltzari zor zaion erreparazio instituzionalean aurrerapauso bat emango da. Aipatzekoa da ekitaldi honek udal talde guztiek babesa jaso duela, eta azpimarratu behar da ere hori aurrerapauso bat dela. EH Bilduk, beste eragile batzuekin batera, diskrezioz egindako lanaren emaitza da biharko ekimen instituzionala. Reyes Carrerek parte hartuko du ekitaldian, EH Bildu udal taldeko bozeramaile gisa.

Beste aldetik, Mikel Zabaltza Herri Ekimenak antolatua, Altzako San Martzial plazan, 12:30ean, “Mikelen Txokoa” inauguratzeko ekitaldia egingo da. Bi irudi handiren bidez oroituko dituzte, Mikelekin batera, Jon Arretxe eta Idoia Aierbe, orain gutxi hil direnak. Era berean, Mikelen Txokoaren bidez tortura pairatu duten guztiak oroitu nahi dituztela adierazi dute antolatzaileek. EH Bilduren ordezkaritza batek hartuko du parte omenaldi honetan: Maddalen Iriarte, Juan Karlos Izagirre, Reyes Carrere eta Garbiñe Alkiza izango dira bertan.