Donostia

Albisteak

Amara-Easoko trenbideak lurperatu ondoren jarraitu beharreko eredua zehazteko hirigintza-tailer telematiko bat antolatu du EH Bilduk


Donostiako EH Bilduk tailer telematikoa antolatu du helburu horrekin, abenduaren 5erako. Amara-Easoko trenbidea lurperatzeko proiektua abiapuntu hartu eta hirigintzaz modu globalean hausnartzeko aukera emango duten lau hitzaldi antolatu ditu.

| 2020-12-01 13:30:00

COVID-19 birusak galdera nagusi bat mahaigaineratu du hiri-testuinguruan: Zenbateraino daude prestatuta gure hiriak horrelako egoera batek sortzen dituen bizi-baldintza berriei erantzuteko? Azken hilabeteetan asko eztabaidatu da hirien egitura eta antolamenduari buruz, eta zenbait hiritan ez-ohiko esku-hartze azkarrak ere egin dira; hala nola, mugikortasunean edo espazio publikoan. Baina ez da Donostiaren kasua izan.

Udal Gobernuak sustatutako esku-hartzeak anekdotikoak izan dira, bide-gorriei lotutakoak kasu, eta helburu publizitario nabarmena izan dute. Aldebakarrez jokatu du, hiriko eragile eta agente sozialekin kontatu gabe, eta beraz, Donostian ez dugu egoerak exijitzen zuen gogoeta kolektibo, sakon eta pausatua egiteko aukerarik izan.

Aitzitik, Udal Gobernua ezer gertatu ez balitz bezala ari da, eta donostiar guztion bizitzetan ondorio zuzenak izango dituzten proiektuak inolako berrikuspenik gabe aurrera ateratzen tematu da. Horien artean dago Amara-Easoko trenbidea lurperatzeko proiektua.

Udal Gobernuak iragarri du 2021ean abiatuko duela proiektua Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) egokitzeko prozedura. Egitasmo honek Donostiako erdialdea eraldatuko du, eta beraz, hiri osoan izango du eragina. Horregatik da premiazkoa gogoeta.

Nolanahi ere, erabat lekuz kanpo dagoena da ETSk eremu horretako hirigintza-plangintza definitzea, are gutxiago dirua biltzeko edo beste proiektu batzuk finantzatzeko bada. Ez da ahaztu behar ETSk publizitate-kanpaina bat egin duela hiri osoan, inguru horretan 500 etxebizitza baino gehiago eraikiko direla iragartzeko. Berriro ere gogorarazi behar da eremu honen garapena definitzeko eskumena Udalarena dela eta, alde horretatik, EH Bilduk ez duela inposiziorik onartuko.

Donostiako EH Bildun oso argi dugu ezinbestekoa dela proiektu honek zuzenean eragingo dituen auzoetako bizilagunen iritziak, beharrak eta kezkak entzun eta aintzat hartzea. Era berean, auzoetako eragileek eta bizilagunek HAPO aldatzeko prozeduran eragiteko (alegazioak...) tresnak izan behar dituztela uste dugu. Horretarako antolatu dugu Hirigintza-tailerra.

PROGRAMA

Abenduak 5, larunbata

10:30 “Donostiako Metroa eta hiri-eredua: zertarako eta zeinentzat?” | Satorralaia herri-ekimena

Donostiako auzokideek eta kolektiboek osatzen duten herri-ekimena da Satorralaia. Donostialdeko Metroaren proiektua gelditzea eta gure hirirako garraio eredurik egokiena erabakitzeko gizarte eztabaida irekitzea eskatzen dugu.

10:45 “Gertuko hirigintza: 15 minutuko hiriak” | Hiritik-at

Tokiko Garapena sustatzeko espazio, prozesu eta estrategiak sortzen dituen kooperatiba multidisziplinarra da. Lurraldearen antolamenduarekin, hirigintza edota arkitekturarekin erlazioa duten proiektuak gauzatzen dituzte. “15 minutuko hiriak” proposamena, berriz, Anne Hidalgo Pariseko alkateak bere programa politikoan sartu ondotik egin da ezaguna. Egitasmo honen leloa “La Ville Du Quart d’Heure” da, eta herritarrek beren egunerokoa gertuko eskala batean bizitzeko baldintzak eskaintzen dituen hiri ereduari egiten dio erreferentzia.

11:30 “Urbanismo feminista para la vida cotidiana” | Col-lectiu Punt 6 + Dunak taldea

Col · lectiu Punt 6 arkitekto, soziologo eta hirigileen kooperatiba bat da, arkitektura eta hirigintza lantzen ditu genero intersekzionalaren, iraunkortasunaren, partaidetza eta ekintza komunitarioaren eta ekonomia solidarioaren ikuspegitik.

Dunak taldea arkitektoz osatutako taldea bat da, hirigintza Feminista eta parte hartzea dute hizpide eta hiri feministak eraikitzearen inguruan hausnartzea bilatzen dute. Biak ala biak, Hurbileko Arkitektura eta Eguneroko Hirigintza erabiltzen dituzte espazio publikoa, komunitarioa eta etxeko eremua eraiki eta birpentsatzeko, bertan bizi diren pertsonen beharren, erabileren eta nahien arabera eraldatu dadin.

12:15 “Komunitaterako hirigintza” | Unai Fernandez de Betoño

Arkitekturan Doktorea eta hirigintza irakaslea EHUn, EH Bilduko lurralde antolakuntzako idazkaria da eta Gasteizko Legebiltzarrean parlamentaria.