AKTUALITATEA


| 2022-09-14 12:54:00

TXOSTENA: GI-20 bariantea eraldatzeko prozesu parte hartzailea: 2.fasea 

GI-20ak 50 urte bete ditu aste honetan. 1972ko irailaren 12an, Aieteko tunelaren sarreran egin zen ekitaldi batean, Franco diktadoreak «Donostiako saihesbidea inauguratu zuen, Herrera eta Añorga artean, 8 kilometro, 6 tunel eta 11 zubi eta biaduktuekin».

Eraiki zenean, azpiegitura horrek soluzioa eman zien Donostiako mugikortasun-arazo askori, hiriko erdigunetik pasatzen zuten ibilgailu astuna hartuz eta lehen kongestionatuta zeuden kale asko baretuz.

Baina «bigarren gerrikoa» eraiki zenetik (AP-1), trafikoa erdira jaitsi da, hiria inguratzeko bere funtzio nagusia aldatu egin da eta, hala eta guztiz ere, errepide honek neurri eta espazio bera hartzen jarraitzen du.

Hala, GI-20 saihesbidea eraldaketa berri baten atarian dago gaur egun. Galdera bakarra da ea nola egingo den. Larrialdi klimatikoari aurre egitea denon lana da eta gure inguruko hiririk aurreratuenak beren autobiak, errondak edo saihesbideak eraldatzeko prozesuetan murgilduta daude: Donostia ezin da atzean geratu.

Hiri horien guztien kontrako norabidean doa Eneko Goiaren Udal Gobernua. Erdigunean pairatzen ari garen trafiko-kaosa eta hiri-mugikortasunerako plan integralik eza dira donostiarren kexa nagusietakoak. Eta arazoa konponbidean jarri beharrean, gero eta larriagoa da.

Izan ere, aste honetan bertan kaleratu diren trafikoko datuen arabera, hirigunera doazen ibilgailuen kopurua esponentzialki handitu da uda honetan, eta gauza bera esan daiteke zentroko aparkalekuen okupazioaz ere. 2019an 3 milioi ibilgailu pribatu sartu ziren aparkaleku horietara, eta aurten askoz gehiago izango dira.

Baina Zentroko aparkalekuen funtzioak aldatzeko planik gabe jarraitzen dugu, nahiz eta EH Bildutik behin eta berriz eskatu. Disuasio aparkalekuei buruzko berririk ere ez dago. Eta, gainera, Marrutxipiko pintxazoaren lanak hasi dira, hau da, autoak hiriaren bihotzeraino eramateko azpiegitura bat. Zaharkituta jasotzen den errepide bat izango da hau, bidegorririk edo oinezkoentzako gunerik ez duena.

EH Bildun argi daukagu: Donostian mugikortasun jasangarria ezartzea posible da, bai Zentroan bai auzoetan. Eta bariante zaharraren eraldatze-prozesuak mugikortasun-eredu berri horren mesedetan egongo den tresna da.