Bizkaia

Albisteak

Udalentzako finantzazio lerro berezia sortzea eta Bizkaiko Susperraldi Ekonomikorako mahaia abian jartzea proposatuko du EH Bildu Bizkaiak asteleheneko osoko bilkuran


Horretaz gain, zaintzarekin, berdintasunarekin eta garraioarekin lotutako proposamenak egingo ditu

| 2020-10-01 12:54:00

EH Bilduk bost ebazpen aurkeztu ditu hurrengo astelehenean Gernikan egingo den bilkuran eztabaidatzeko. Pandemia egoerak areagotutako arazoei aurre egitea da EH Bilduren helburua eta, horretarako, ekonomia suspertzeko eta udalen finantziazioa hobetzeko neurriak aurkeztuko ditu.

Azken gai horrekin lotuta, EH Bilduk bere kezka agertu du udalek bizi duten egoerarekin eta udalentzako finantziazio lerro berezi bat sortzea proposatuko du COVID-19ak eragindako gastuei aurre egin ahal izateko. “Udalek egoera zail bati aurre egin behar izan diote eta Aldundiak tresna hori abian jarri behar du herritarrengandik hurbilen dagoen instituzioei laguntzeko”, azpimarratu du Arantza Urkaregi batzarkideak.

Ekonomia suspertzeko neurriekin lotuta, EH Bilduk Susperraldi Ekonomikorako Mahaia osatzea proposatuko du.

“Aurreko bilkuran ahaldun nagusiak elkarlanaren garrantzia aipatu zuen eta EH Bildun argi daukagu elkarlan hori garrantzitsua izango dela. Hori dela eta Bizkaiko Susperraldi Mahaia eratzea proposatu dugu. Guztion artean, agente ezberdinen parte hartzearekin, elkarlana sustatu eta egoerari aurre egiteko neurriak partekatuko genituzke”, adierazi du Urkaregik.

Beste alde batetik, berdintasunarekin lotuta, EH Bilduk zainketen egoera ikuspegi feminista batetik aztertzea eskatuko du. “Zaintzak etxean ahalik eta denbora gehien egitea proposatu zuen ahaldun nagusiak. Horrek zaintza emakumeen esku uztea ekar dezake, rol banaketa indartuz. Uste dugu horren inguruko hausnarketa eta neurri zehatzak beharrezkoak direla”.

Garraioari dagokionez, pandemiaren ondorioz Bizkaibuseko edukiera aztertzea eskatuko du EH Bilduk eta, azkenik, zerbitzu publikoetan (egoitzak, esaterako) Bizkaiko ekoizleen produktuak kontsumitu ahal izateko plangintza egitea.