Bizkaia

Albisteak

Tabernak eta jatetxeak itxita dituzten ostalariei ur-tasa finkoa ez kobratzea eskatu dio EH Bilduk Ur Partzuergoari


Gaur arratsaldeko Ur Partzuergoaren bileran egingo du proposamena EH Bilduk eta, horrekin batera, saneamenduaren tasa ez kobratzeko neurria berriro ere abian jartzeko eskatuko du

| 2020-11-24 11:53:00

COVID 19-ak ostalaritzaren sektorean izandako ondorioen aurrean, tabernak eta jatetxeak itxita dituzten ostalariei uraren tasa finkoa ez kobratzea proposatuko du EH Bildu Bizkaiak. Proposamena Ur Partzuergoari helaraziko dio gaur arratsaldean ospatuko den bileran.

“Uztailean ur partzuergoak onartu zuen alarma egoeraren ondorioz itxita egon ziren ostalari eta merkatariei saneamendu tasa finkoa ez kobratzea. Neurri hori abian jarri behar da berriro, baina ostalariak berriro behartuta daude bere negozioak ixtera eta urrats bat gehiago eman behar dela uste dugu. Uraren tasa finkoa ere ez zaiela kobratu behar uste dugu eta hori proposatuko dugu”, adierazi du Asier Egiraun EH Bilduko ordezkariak.

EUDELekin landu beharreko proposamena

EH Bilduk gogoratu zuenez, uztailean ez zen horrelako erabakirik hartu udalengan izan zezakeen eraginagatik. Hala ere, ostalaritzan egoerak txarrera egin duela ikusita, EH Bilduk uste du udalek ez dutela oztoporik jarriko.

Hori dela eta, proposamena Ur Partzuergoarekin eta EUDELekin batera landu beharko litzatekeela azpimarratu du EH Bilduk. “Egoera oso larria da ostalaritzaren sektorean eta elkarlanetik abiatutako irtenbideak beharrezkoak dira sektore horretan izandako kalteak gutxitzeko”, azpimarratu du Egiraunek.