Bizkaia

Albisteak

Murriztutako lineatako frekuentziak berreskuratzea eskatu dio EH Bilduk Renferi


Ezkerraldea, Hego Uribe eta Meatzaldeako udaletan mozioa aurkeztuko du C1, C2, C3 eta C4 lineak bere osotasunean berreskuratzeko eta zerbitzu duin bat eskatzeko

| 2020-10-16 13:56:00

Renfek hainbat lineatan murriztutako zerbitzuen aurrean EH Bilduk eskatu du zerbitzu horiek bere osotasunean berrezartzea eta kalitatezko zerbitzu duin bat eskaintzea.

 

Hain zuzen ere, Renfek lineen frekuentzietan egindako murrizketek C1, C2, C3 eta C4 lineei eragiten diete. Bilborekin Santurtzi, Muskiz, Urduña eta Balmaseda lotzen dituzten lineei, hurrenez hurren.

 

“Azken asteetan egindako murrizketak, frekuentziak egun batetik bestera kenduz, zonalde ezberdinetako herritar askori eragin die. Garraio zerbitzu publiko duin batean ezin da onartu horrelako murrizketarik. Hori dela eta, Renferi eskatu nahi diogu kendutako zerbitzuak berreskuratu ditzala eta kalitatezko garraio publiko baten aldeko apustua egin dezala”, adierazi du Raul Mendez EH Bilduko batzarkideak.

 

Mozioak udaletan

 

Tren zerbitzuan egindako murrizketen aurrean EH Bilduk mozioak proposatuko ditu Ezkerraldea, Meatzaldea eta Hego Uribeko udaletan. Asmoa da udalek ere Renferi eskaera bideratzea murrizketak egin diren herrietan kalitatezko eta leihakorra den tren-zerbitzua eskaintzeko.

 

Zerbitzu duin hori, EH Bilduren ustez, frekuentziak berreskuratzean eta langile kopuruaren handitzean eta aldiri sarearen mantentze lan egoki batean oinarritu behar dira.