Bizkaia

Albisteak

Leioako kanpusera eta aireportura doazen Bizkaibusetan segurtasun eta erosotasun neurriak bermatzea eskatu du EH Bilduk


Garraio publikoa kutsatze-gune bihurtu ez dadin neurriak ahalik eta azkarren hartzea ezinbestekoa da

| 2020-09-08 11:34:00

Azken egunetan emandako egoeraren ondorioz, aireportura eta EHUra doazen Bizkaibuseko lineatan segurtasun eta erosotasun neurriak bermatzea eskatu du EH Bilduk.

 

Raul Mendez EH Bilduko batzarkideak azaldu duenez, zerbitzu horietan egoera kezkagarriak eman dira kontuan izanda COVID-19ak eragindako egoerarekin. “Oporraldia amaitu ondoren oso irudi kezkagarriak ikusi ditugu aireporturako Bizkaibuseko linean”.

 

Batzarkideak gogoratu duenez, gaur egun autobusetako metro koadroko edukiera lau pertsonatakoa da. “Egungo egoera soziosanitarioan kezkagarria da erabiltzaile-edukiera horri eustea. Beharrezkoa da neurriak hartzea zerbitzu egoki eta segurua eskaintzeko”.

 

Gainera, Mendezek azpimarratu duen bezala, neurri horiek ahalik eta azkarren hartu behar dira datorren astean unibertsitateko fakultate guztietan klaseak hasiko dira eta. “Neurriak berandu baino lehen hartu behar dira garraio publikoa kutsatze-gune baten ez bihurtzeko”.

 

Garraio diputatuari azalpenak eskatu dizkio EH Bilduk

 

Egoera horren aurrean EH Bilduk Miguel Angel Viar garraio diputatuaren batzorderatzea eskatu du. “Beharrezkoa da diputatuak aireportura eta EHUrako lineen inguruan azalpenak ematea. Egoerak eskatzen du neurri eraginkorrak ahalik eta azkarren hartzea”.