AKTUALITATEA


| 2020-04-24 12:38:00

EH Bildu Bizkaiak ia berrogeita hamar proposamen egin dizkio Aldundiari koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko. Proposamen horiekin, eta kontuan izanda gizartearen arlo guztietan eragina izango duen krisia dela, EH Bilduk ahaldun nagusiari eskatu dio plan integral bat beharrezkoa dela eta, ez soilik, arlo ekonomikora mugatutakoa.

“Aldundiak egin digun eskaera alor ekonomikora mugatzen da. Guk arlo horretan proposamenak egin dizkiogu baina haratago joateko beharra argi daukagu. Krisi hau ez da soilik krisi ekonomikoa. Gizarteari arlo askotan eragingo dien krisia da eta, horrenbestez, behar duguna plan integral bat da”, adierazi du Bea Ilardia EH Bildu Bizkaiko bozeramaileak.

Plana adosteko mahaia

EH Bilduk argi dauka Aldundiak abian jarri nahi duen planaren helburua ezin dela arlo ekonomikora mugatu. “Instituzioetatik abian jarritako planak balio behar dute krisi honetan inor atzean ez uzteko, orain arte egin ditugun akatsak ez errepikatzeko eta kudeaketa eredua aldatzeko”, azpimarratu du Ilardiak.

Hori dela eta, EH Bildu Bizkaiak arlo guztiei eragiten dieten ia berrogeitamar proposamen egin ditu eta plan hori adosteko alderdi eta eragile ezberdinek osatutako mahai bat eratzea da.

Lan eremu horiei begira hainbat dira EH Bilduk egindako proposamenak. Horien artean azpimarragarriak dira adinekoen egoitzetan pertsonala eta inspekzioak handitzeko edota udalen finantziaziorekin lotutako proposamenak.

Beste alde batetik, lehen sektoreari zein kultur eragileei laguntzak indartzea proposatu du EH Bilduk.