Bizkaia

Albisteak

Jaurlaritzak eskatzen zuenaren aurka, Aldundiak nagusien egoitzetako egoiliarren egun batzuetako egonaldiak ez dituela baimentzen azpimarratu du EH Bilduk


Nagusien irteerak arautzeko Jaurlaritzaren protokoloan oinarritzeko eskatu dio EH Bilduk Aldundiari

| 2020-09-24 15:16:00

Gaur goizean Bizkaiko Foru Aldundiak egoiliarren bisitak arautzen duen Foru Agindua argitaratu du. EH Bilduk azpimarratu duenez, argitaratutako agindua Jaurlaritzak proposatzen zuena baino askoz murriztaileagoa da.

 

Foru agindu hori Jaurlaritzak nagusien egoitzetarako bisita baldintzak malgutzeko neurriak aurkeztu eta egun batera argitaratu du Aldundiak. Agindu horrek, Jaurlaritzak proposatzen zuenaren kontra eginez, ez ditu baimentzen egoiliarren egun batzuetako egonaldiak egoitzatik kanpo ezta autonomoak diren pertsonen irteerak ere ez.

 

“Jaurlaritzak Aldundien esku utzi protokoloaren diseinua eta, Bizkaiaren kasuan, protokoloa egoiliarren beharretara moldatu beharrean, egoitzen egoerara moldatu du. Hau da, egoiliarrentzako malguagoa izango litzatekeen protokolo batek baliabide gehiago eskatuko lituzke; Aldundiak, inbertsio hori egin beharrean, egoiliarren eskubideak mugatzea erabaki du”, azpimarratu du Izaskun Duque batzarkideak.

 

Egoera horren aurrean EH Bilduk Aldundiari eskatu dio senitartekoen bisiten eta egoitzako irteeren baldintzak arautzeko, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako protokoloari jarraituz.

 

“Jaurlaritzaren protokoloan jasotzen den bezala, familiarekiko edo hurbileneko pertsonekiko harremana egoiliarren eskubidea eta beharra da. Bisitak jasotzeko eta egoitzetatik kanpora irteteko aukera, hilabeteak konfinatuta egon ondoren, adinekoek berdintasunezko tratua jasotzeko eta diskriminaziorik ez jasateko duten eskubidean oinarritzen da, herritar guztientzako mugikortasun-murrizketak pixkanaka desagertzen ari diren egoera batean”, adierazi du Duquek.