Bizkaia

Albisteak

Inertzia alde batera uzteko eta aldaketa sakonak eskatu dizkio EH Bilduk Rementeriari


Elkarlanerako asmoa erakutsi du EH Bilduk, betiere azken urteetako politiketan ageriko norabide aldaketa ematen bada

| 2020-09-28 16:41:00

COVID-19arengatik hildakoak gogoratuz eta bere senideei babesa adieraziz hasi duen hitzartzean, Arantza Urkaregi EH Bilduko batzarkideak politiken ageriko norabide aldaketa eskatu dio Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia.

Urkaregik gogoratu du “pandemiak krisi sozioekonomikoa, zaintza eredua, ekologikoa eta gobernantza eredua krisian agerian utzi ditu” eta horren aurrean Aldundia inertziaz aritu dela.

Izan ere, udalekin, gizarte eragileekin eta beste alderdiekin elkarlanik ez dela egon azpimarratu du EH Bilduko batzarkideak. “Instituzio, oposizio eta gizarte eragile nagusiekin elkarrizketa lantzea ezinbestekoa da, baina hilabete hauetan ez da horrelakorik eman. Arrazoia ematen dizuenarekin biltzen zarete bakarrik”.

Hori dela eta, ezohiko egoera honi aurre egiteko hitzetatik ekintzetara pasatzea beharrezkoa dela esan du. “Pertsonek eta haien familiek bizi duten babes eza ezinbestean konpondu behar dugun arazo bat da. Are gehiago egungo egoeran. Eta hor diseinatzen eta abian jartzen ditugun politika publikoek zeresan handia daukate. Zerbitzu publiko duin eta kalitatekoak ezinbestekoak dira egoera horri aurre egiteko. Baina, zoritxarrez, hor ere baditugu gabezia larriak”.