AKTUALITATEA


| 2019-05-20 15:30:00

Bea Ilardiak Ezkerraldeak industrializazio prozesu baten beharra duela adierazi du gaur goizean Barakaldon, eskualdeko enpresa komiteetako ordezkariekin egin duen bileran, hain zuzen ere. Ezkerraldeko egoera, bai eta balizko irtenbideak ere, langileekin batera aztertu ditu ahaldungai nagusiak, eta proposamen zehatzak helarazi dizkie “benetako industrializazio prozesu bat” abian jartzeko.

EH Bilduko hautagaiak ohartarazi duenez, “Ezkerraldeak Bizkaiko datu sozioekonomikorik txarrenak ditu eta langabezia tasa herri batzuetan, Sestaon esaterako, %18 baino altuagoa da, eta hori onartezina da gaur egungo Bizkaian”. Egoera horren jatorrian urteetako politikak daude, “hemen arduradun politikoek industria birmoldaketa saldu zuten arren, heldu zen gauza bakarra desindustrializazioa izan zelako”.

Ilardiaren iritziz, enplegu arloan egoera larria da eskualdean eta horrek industrializazio prozesu bat eskatzen du. Hala, EH Bilduk 50 milioi euroko funtsa sortzea proposatu du arazo ekonomikoak dituzten enpresa industrialei laguntzeko. Hori ez da, edonola ere, bere proposamen bakarra, lurzoru industrialak berreskuratzea ere hartu beharreko beste neurri bat delako, ahaldungai nagusiaren aburuz.

Ilardiak “industria garatuaren aldeko apustu garbia” berretsi du, batetik, “gaur egun Bizkaian dauden enpresa industrialak joan ez daitezen” eta, bestetik, “herrialdea berriro erakargarria izan dadin”, hori baita bidea kalitatezko enplegua lortzeko eta bizkaitar guztien ongizatea bermatuko duen ekonomia egonkor eta indartsu bat egituratzeko.