Bizkaia

Albisteak

Galdakaora eta Bilboko hegoaldeko auzoetara doazen metro lineen finantzazioa bermatzea eskatu du EH Bilduk


Azaroaren 28an Bizkaiko Batzar Nagusietan eztabaidatuko da gaia EH Bilduren ekimenez

| 2020-11-16 12:28:00

Raul Mendezek eta Bruno Zubizarretak, EH Bilduko batzarkideak eta Bilboko zinegotziak hurrenez hurrenez, Galdakaora eta Bilboko hegoaldeko auzoetara doazen metro lineak abian jartzea eskatu dute.

EH Bilduko batzarkideak horrela erantzun du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak egindako adierazpenei, zeintzuen arabera metro linea horiek Europatik heldu daitekeen diruak baldintzatuko duen. EH Bildurentzat oso deigarria da metro linea horiek zalantzan jartzea Supersurraren handitzea edo erreka azpiko tunela bezalako proiektuak ezbaian jartzen ez diren bitartean. Hori dela eta, metro linea berrien finantzazioa bermatu behar du Aldundiak.

“Linea bi horiekin zor historikoa dauka Aldundiak eta proiektuak abian jarri behar dira”, adierazi du Mendezek. “Galdakaoren kasuan Sarratuko intermodaletik abiatzen den linea bat da, Aperribai eta Bengoetxe auzoetan barrena sartzen dena. Galdakaoko erdigunera doan linea bat (bertan gauden lekuan), eta Usansoloko Ospitaleraino iristen dena”.

Bilboren kasuan, Zubizarretak azpimarratu duenez, “10 minututik beherako maiztasuna duen metro-linea bat, Bilboko eremu horretako 70.000 biztanleri baino gehiagori kalitatezko garraio-zerbitzua eskainiko diena izango da”.

Interpelazioa Batzar Nagusietan

Egoera horren aurrean EH Bilduk gaia azaroaren 28an Gernikan ospatuko den bilkuran eztabaidatzeko proposamena egin du. Foru gobernuari interpelatu dio honek bermatu dezan metro linea bi horietarako finantzazioa, Europako funtsak heldu edo ez.