Bizkaia

Albisteak

EH Bilduren ustez, Aldundiak metro-linea berrietarako aurkeztu dituen proiektuek gabezia handiak dituzte oraindik, eta ez diete benetako beharrei erantzuten


Raul Mendez batzarkidearen esanetan, bi proiektuetan urratsak ematea positiboa da, baina Aldundiak lehentasuna izaten jarraitzen du, besteak beste, Lamiakoko tunela eta Supersurra

| 2021-01-13 16:23:00

Raul Mendez EH Bilduko batzarkidearen esanetan, Unai Rementeria ahaldun nagusiak eta Iñaki Arriola garraio sailburuak gaur goizean aurkeztutako proiektuek gabezia handiak dituzte oraindik, eta ez diete erantzuten bi zonaldeetako herritarren benetako beharrei.


Galdakaorako metro-linearen kasuan, "gaur aurkeztutako proiektuak ez die erantzunik ematen udalerriko auzoetako mugikortasun-beharrei. Proiektu honek ez du bermatzen Aperribain eta Bengoetxen geltokirik, nahiz eta lurpetik igaro. Gainera, aurkeztutako proiektua bi fasetan egingo da, bigarren zatiaren plangintza eta aurrekontua zehaztu gabe eta 2026an martxan egongo dela bermatzea zailduz", adierazi du Mendezek.


"Gainera, ahaldun nagusiak Galdakaora doan metroa Europako funtsen menpe jartzen dituela ikusi dugu. Ez dugu uste finantziazio arazo bat dagoenik; lehentasun arazo bat dagoela uste dugu, diru gehiago bideratuko baita Lamiakoko ibai azpiko tunela edo Supersur bezalako proiektuetara bi metro lineetara baino", azpimarratu du Mendezek.


Errekalderako metro lineari dagokionez, Mendezek gogorarazi du EH Bilduk proposatu zuela parte-hartze prozesu bat abian jartzea, baina gaur aurkeztutakoa herritarrei geltokietara sartzeko modua aukeratzera mugatzen da. "Gure ustez, aukera guztiak jarri behar dira mahai gainean, eta ez aukera bakar bat, tunelean modu konbentzionalean edo funikularren bidez sartzen den aukeratzeko".

"Beraz, gaurko
aurkezpenarekin, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak erabateko inprobisazioaren irudia eman dute, partxeatutako eta loturarik gabeko proiektua aurkeztuz eta, beste behin ere, 4. eta 5. lineetarako proposamen integral eta egoki bat aurkezteko aukera galduz".