Bizkaia

Albisteak

EH Bilduko alkateek Renferi eskatu diote zerbitzua bere osotasunean berreskuratu dezala


Urduña eta Arakaldoko alkateek ezagutzera eman dute EH Bilduk herri ezberdinetako udaletara eramango duela eskaria

| 2020-10-22 14:15:00

Gaur goizean Arrigorriagako tren geltoki aurrean egindako agerraldian Urduñako eta Arakaldoko alkateek Renferi eskatu diote C3 lineako zerbitzua bere osotasunean berreskuratzea. Izan ere, azken asteetan linea horretan hainbat murrizketa egin ditu Renfek.

Jabi Asurmendi Arakaldoko alkateak adierazi duenez, “arduratuta ikusten dugu kalitatezkoa izan beharko litzatekeen zerbitzu baten egiten ari diren murrizketak. Argi daukagu egoera goitik behera aldatu behar dela eta Renfek bere ohiko zerbitzua berreskuratu eta herritarrek merezi duten kalitatezko garraio zerbitzu publikoa eskaini behar duela”.

Bere ustetan, Renfek zerbitzu publiko duina eskaini behar du eta murrizketak horren aurka doaz. “Ez dugu ahaztu behar, eskumena lortu arte, Renferi dagokiola behar bezalako zerbitzu publiko duin eta kalitatezkoa eskaintzea. Bere ardura da zerbitzu egokia eskaintzea eta begibistakoa da gaur egun ez dela hori gertatzen”, adierazi du Asurmendik.

Mozioak eskualdeko udaletan

Egoera horren aurrean, EH Bilduk proposamen bat aurkeztuko du eskualdeko udal ezberdinetan. Proposamen horrekin bilatu nahi da udalek ere Garraio ministerioari eta Renferi eskatzea konfinamentu aurretik zeuden linea eta frekuentziak berreskuratzea eta herritarrek merezi dugun kalitatezko zerbitzuaren alde egin dezatela, lineen mantentze lanak areagotuz eta, beharrezko zerbitzua emateko, langile kopurua handitu beharko balu hórrela eginez.