Bizkaia

Albisteak

EH Bilduk Muskizko Marcelo Gangoiti egoitza interbenitzea eskatu du, koronabirusarengatik kutsatu asko atzeman dituztelako


Izaskun Duque batzarkideak iragarri du proposamen bat aurkeztuko dutela Bizkaiko Batzar Nagusietan kutsadura-tasa altua duten kudeaketa pribatuko egoitzetan jardun ahal izateko

| 2021-01-13 14:48:00

Marcelo Gangoiti adinekoentzako egoitzan esku hartzeko eskatu dio EH Bilduk Bizkaiko Foru Aldundiari. Izaskun Duque batzarkidearen ustez, Muskizen dagoen eta titulartasun publikokoa baina kudeaketa pribatuko egoitzaren inguruko erabakia ezin da gehiago atzeratu erabiltzaileen eta langileen artean dagoen kutsatze-tasa handiaren ondorioz.


"Egoera Aldundiak jarduteko bezain larria dela uste dugu. Gogoratu behar da hitzarmen sistemak ez dituela erakunde publikoak egoitza horietan gertatzen denetik salbuesten. Kasu honetan, egoera oso kezkagarria da eta ezin dugu erabakia gehiago atzeratu", azpimarratu du Duquek.

E
H Bilduko batzarkideak gogorarazi duenez, gaur egun Aldundiak titulartasun pribatuko egoitza itunduetan esku hartu ahal izateko mekanismoak daude, izan ere, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak zenbait eskumen aitortzen dizkie administrazio publikoei.


"Orain arte erkidego bakanetako bat izan gara COVID-19ren krisialdian egoitza bakar bat interbenitu ez duena. Ez da horrelako neurririk hartu egoitza horietan egoera oso zaila izan den arren. Ezin dugu akats bera berriro egin", adierazi du EH Bilduko batzarkideak.


Proposamena Batzar Nagusietan


Bestalde, EH Bilduk iragarri du Bizkaiko Batzar Nagusietan horren inguruko proposamen bat aurkeztuko duela. "Kutsatze kopuru handia duten eta kudeaketa pribatua daukaten zentroetan esku hartzea da proposamenaren helburua. Era berean, adinekoak artatzen dituzten zentroetan ikuskapenak areagotzea eskatuko dugu, horiek baitira pandemia honen aurrean ahulenak", azpimarratu du Duquek.