AKTUALITATEA


| 2021-05-04 17:10:00

EH Bilduk borondate politikoa eta inbertsio publikoak eskatu ditu, EAJ eta PSEren politikek  E tertziarizaziora eta desindustrializaziora kondenatu duten Ezkerraldearentzat, eskualdean etorkizuneko eredu bat definitu ahal izateko. Gaur goizean Santurtzin egindako agerraldi batean, Oskar Matute diputatuak, Iker Casanova legebiltzarkideak eta Maria Solar Barakaldoko udal bozeramaileak "gure industria defendatzea" eta balio handiko jarduera berriak ezartzeko borroka aktiboa egiteko eskatu dute, Ezkerraldeko industria-funtsa berreskuratzeko. Adibidez, "4.0 industriak ezin du eskualdea alde batera utzi: digitalizazioak, Europako funtsek, auto elektrikoak, i+D apustuek eta abarrek lekua izan behar dute eskualde honetan" alderdi subiranistaren ustetan. Eskaera horiek irudikatzeko eta etorkizuneko Ezkerraldea aldarrikatzeko, Naval eta Sestaoko Labe Garaia lotuko dituen ekitaldi sinboliko batera deitu dute ekainaren 5ean.

Iker Casanovak Ezkerralderako politika publikoen anbizio falta salatu du, eta bertako biztanleak "bigarren mailakoak balira" tratatuak jarraitzen dutela adieraziz. Zentzu horretan, EH Bilduren ustez, Eusko Jaurlaritzak ez du nahikoa egiten egoerari buelta emateko: "Eusko Jaurlaritzak itxurakeria egiten du, baina ez dago ez borondaterik ez gaitasunik eskualdearekiko. Era berean, legebiltzarkide subiranistaren iritziz, Lakuako gobernutik iristen den apurra "herritar mobilizazioaren ondorioz dator, adibidez joan den apirilaren 17an Sestaon egindako manifestazioarekin gertatu bezala". Ezkerraldeko iragan industriala gogora ekarriz, Casanovak "zer gara orain?" galdetu dio bere buruari, egungo EAJren eta PSEren eredua "hipermerkatuena eta biltegiena" dela kritikatzeko. Horren aurrean, EH Bilduk altxatzea eskatu du, eta "gure gaitasunetatik abiatuta, espezializazio zehatzen eremuetara eta profil industrialera bideratutako etorkizuneko industria baten diseinua" eskatu du.

Alderdi soberanistaren sorreraren hamargarren urteurrena ospatzeko, eta gaur Santurtzira heldu den erakusketa ibiltariaren harirako antolatutako agerraldian, Maria Solar EH Bilduko Barakaldoko zinegotzi eta bozeramaileak, bere alderdiak hamar urte hauetan eskualdearen alde egindako "dinamika ugarietako" batzuen errepasoa egin du, bai Kongresuan, bai Eusko Legebiltzarrean,  bai Aldundian, eta baita eskualdeko udaletxe guztietan ere. "Hanka bat erakundeetan, eta beste bat kaltetutako sektoreekin kalean". Beharbada, eskualdea berpizteko plan estrategiko eta txoke plana aztertzeko ponentzia bat proposatzea izan da dinamika horietatik garrantzitsuena, biak oso motz geratu ziren arren, bereziki “Plan estrategikoa modu ezkutuan kudeatu baitute EAJk eta PSEk", adierazi du.

Eskualdean zailtasunak izan dituzten enpresa askoren plantillen borroken aurrean, agerraldien, galderen, informazio eskaeren eta abarren bidez EH Bilduk agertutako babesa nabarmendu du Solarrek, hala nola "General Electric, Naval, ACB, Productos Tubulares, edo Sestaoko eta Barakaldoko ITP-PCBren azken mobilizazioak" aipatuta. Pozik agertu da zinegotzia kasu batzuetan agerikoak ziruditen itxierak saihestea lortu delako, baina beste kasu batzuetan, Navalen, esaterako, "Eusko Jaurlaritzaren utzikeriak enpresa salbatzea saihestu zuen". Enpresa horretan akordioa lortu du EH Bilduk duela gutxi, bere lurren erabilera industriala defendatzeko, Solarrek gogora duen bezala. Zentzu horretan, "Ezkerraldeko ekonomiarentzat funtsezkoa den arlo honetan jarduera industriala mantentzeko garaiz" gaudela aldarrikatu du Barakaldoko bozeramaileak.

Era berean, EH Bilduk salatu egin du Eusko Jaurlaritzak Babcock zaharreko lurrak utzi izana; izan ere, ondare arkitektoniko-industrial garrantzitsu bat hondatzeaz gain, birkalifikazioak egin dira Amazongo zentro logistikoa eta Costco hipermerkatua hartzeko. Horrelako egoerak errepika ez daitezen, eh Bilduk babestu duen akordioari balioa eman dio Solarrek; izan ere, Legebiltzarrak Ezkerraldeko lurzoru industrialaren inbentario osoa eskatu du.