Bizkaia

Albisteak

Duque: "Ulertezina da Gizarte Ekintzako diputatuak Muskizko egoitzako langileei kutsatze-fokuaren errua leporatzea"


Zamudioko egoitzaren egoera ere kezkagarria dela azpimarratu du EH Bilduk eta neurriak hartzeko eskatu dio berriro Aldundiari

| 2021-01-14 13:09:00

Izaskun Duque EH Bilduko batzarkidea harrituta agertu da Gizarte Ekintzako diputatu Sergio Murillok Marcelo Gangoiti egoitzako fokoaren ardura langileen gain utzi ostean.
«Berriro ere, pandemiaren hasieratik gertatzen ari den bezala, foru gobernuak bere erantzukizuna saihesten duela ikusi dugu. Ez zaigu arduratsua iruditzen langileak kutsatze-iturri gisa erruduntzea eta estigmatizatzea. Egin behar dutena irtenbideak bilatzea eta jardutea da».


Hain zuzen ere, Duquek gogorarazi du Muskizen gertatutakoa ez dela kasu isolatu bat eta Bizkaiko egoitzak oso egoera larrian daudela, 350 positiborekin eta 14 egoitzatan kutsatutako pertsonekin.


Egoera zaila Zamudioko egoitzan

 

Zamudioko Truiondo adinekoentzako zentroan ere kopuru kezkagarriak daudela ohartarazi du EH Bilduko batzarkideak. «Zamudion foku bat erregistratu zen abenduaren 7an eta kutsatzeen zifrek erakusten dute ezin izan zela kontrolatu».


Egoera horren aurrean, EH Bilduk kudeaketa pribatuko adinekoen egoitzetan esku hartzeko eskatu dio berriz ere Aldundiari.