Bizkaia

Albisteak

COVID tasa ezartzeko beharra eztabaidatuko dute Bizkaiko Batzar Nagusiek


Proposamena EH Bilduren eskutik helduko da diru-sarrera gutxiago eta behar sozial gehiago dauden une batean

| 2020-11-17 12:41:00

Pandemiak eragindako egoera berriaren aurrean, EH Bilduk Covid tasa aplikatzea proposatu du zerbitzu publikoak indartzea berebiziko garrantzia daukan une batean.

“Covid-19ak agerian utzi du gure zerbitzu publikoen ahultasuna, bai osasun-zerbitzuena zein adineko pertsonen arretarako gizarte-zerbitzuena. Pandemiak utzi digun ondorioetako bat gure zerbitzu publikoak sendotu eta indartu behar ditugula da eta, horretarako, ezinbestekoa da diru-sarrerak handitzea”, adierazi du Arantza Urkaregi EH Bilduko batzarkideak.

Urkaregik gogoratu duen bezala, Aldundiak 1.236 milioi euro gutxiago izango ditu aurten eta 300 milioi euroko zorpetzea proposatu du, baina egungo egoerari aurre egiteko ez da nahikoa izango. “Zorpetzetik haratago doazen finantzazio bide berriak aztertu behar ditugu eta COVID tasa horietako bat izan daiteke”, azpimarratu du.

COVID tasaren aplikazioa gehien duenak ekarpen handiagoa egin dezan dauka helburu eta 5 urtez aplikatuko litzateke.

Proposamena Batzar Nagusietan

Ondorioz, EH Bilduk Bizkaiko Batzar Nagusietara eraman du proposamena eta biharko Osoko Bilkuran eztabaidatuko da.

“Covid tasak ahalbidetzen du, alde batetik, zerbitzu publikoak sendotzeko diru gehiago jasotzea eta, bestetik, diru bilketa era justuagoan egingo da, bakarrik gehien dutenek ordainduko baitute”, adierazi du Urkaregik.