AKTUALITATEA


| 2020-04-01 12:00:00

Bizkaian hainbat dira adinekoen eta aniztasun funtzionala daukaten pertsonentzako egoitzetan lanean ari diren pertsonak. Langile horiek Covid-19 birusarekin kutsatzeko arriskuan daude eta, hori dela eta, EH Bildu Bizkaiak Aldundiari eskatu dio Gizarte Zerbitzuetako langile horiei behar bezalako ostatuak eskaintzea.

“Zaintza lan horietan ari diren pertsona asko kezkatuta daude. Lanetik etxera itzultzean senideak kutsatzeko arriskuarekin kezkatuta daude. Hori dela eta, pertsona horiei, hala eskatuz gero, beste ostatu bat eskaintzea garrantzitsua da haien eta ingurukoen segurtasuna bermatzeko”, adierazi du Bea Ilardia EH Bilduko bozeramaileak.

EH Bildu Bizkaiak egindako proposamenaren arabera lurraldeko hotel eta ostatu ezberdinekin hitzarmen bat sinatu beharko luke Aldundiak.

“Aldundiak hitzarmen hori sinatzeko gaitasuna dauka eta, era horretara, lan karga handia pairatzen ari diren langile horiei lagunduko diegu daukaten kezka bati aurre eginez. Hau da, haiekin bizi diren pertsonen segurtasuna bermatuko dugu”.