Bizkaia

Albisteak

Aurrekontuetan akordioetara heltzeko prestutasuna adierazi EH Bildu Bizkaiak, betiere benetako lehentasunei erantzuteko norabide aldaketa bat emanez gero


Bea Ilardia Bizkaiko EH Bilduko bozeramaileak berretsi du 2021eko aurrekontuek lehentasun berriei aurre egiteko balio behar dutela

| 2020-12-11 13:31:00

Bea Ilardia EH Bildu Bizkaiko bozeramailea aurrekontuen inguruan akordioak lortzeko prest agertu da, “betiere egungo egoera iraultzeko balio badute". Ilardiak Arantza Urkaregi batzarkidearekin batera egin ditu adierazpen horiek gaur goizeko prentsaurrekoan.


Ilardiak azpimarratu duenez, "EH Bildu aurrekontuen inguruan akordioak lortzeko prest dago, baina proiektu horrek egungo egoera aldatzeko balio behar du. Bizkaian bizi diren pertsonen bizimodua hobetzeko politikak inoiz baino beharrezkoagoak dira. Helburu horrekin egingo du lan EH Bilduk".


Bizkaiko bozeramaileak adierazi duen bezala, egun dauden gabeziak zuzentzeko eta erronka berriei aurre egin ahal izateko "orain arte funtzionatu ez duten politikak aldatzea ezinbestekoa da”.


Ildo beretik mintzatu da Urkaregi: "Aurrekontuek lehentasun berriei erantzun behar diete, eta lau ardatz izan behar dituzte: gizarte-zerbitzuen sistema indartzea, enplegu duina bultzatzea, politika ekonomikoen bidez Bizkaia orekatua lortzea eta benetako trantsizio ekologikoa lortzeko urratsak ematea".